Atzo, maiatzaren 25ean, Bakearen eta Armagabetzearen aldeko Emakumeen Nazioarteko Egunean, Emakumeok Gerraren Aurka taldeak protesta egin zuen Andre Maria Zuriaren plazan.
Besteak beste, Gasteizko Batailaren omenez eraikitako monumentua "berrizendatu" zuten bertaratutako emakumeek, sinbolikoki "atzoko, gaurko eta etorkizuneko zaintzaileei" dedikatuz. Protestan ari ziren bitartean, bi udaltzain hurbildu ziren monumentuko plakaren gainean "Zaintzaileei" zioen kartela jartzea debekatuz.
"Ez dugu xehetasun historikoetan sartu nahi, baina Gerraren aurkako Emakumeok ez dugu maite gure hiriko plaza nagusiko eraikinik nabarmenena gerra baten omenez izatea; era berean, ez ditugu maite bertan agertzen diren soldadu, zaldun, kanoi eta fusilak. Irudi horiek militarismoa goresten dute eta ez diote bakearen aldeko espirituari laguntzen", salatu zuten.
"Gerrarik gabeko mundu baten alde gaude. Gatazkak eta desadostasunak indarkeriarik erabili gabe konpontzearen aldekoak gara. Arma gehiago eta indartsuagoak izateak ez baitu arrazoia ematen", gaineratu dute. "Militarismoa eta patriarkatua sustrai bereko landareak dira. Gure jendartea eta gure buruak itotzen duten indarkeria eta militarismoak deseraiki behar ditugu. Desmilitarizatu eta despatriarkalizatu gure bizitzak eta gure inguruak, gure hiria barne, eta bizitza erdigunean jarri".