Gasteizek zuzendari "independentea" nahi du Gardelegirako

Juanma Gallego 2023ko mai. 23a, 11:32
"Beharrezko ezagutzak eta eskarmentua" dituen zuzendari baten bila ari dira. J.G. / ALEA

Udalak zuzendari tekniko baten urgentziazko kontratazioa abiatu du, martxan dauden zigor espedienteei aurre egin ahal izateko. Besteak beste, lindano araztegiaren funtzionamendua gainbegiratuko du. 

Gardelegiko zabortegiaren harira Jaurlaritzak irekitako "zenbait zigor espedienteri" aurre egin ahal izateko beharrezkoa duen zuzendari teknikorik ez du oraindik aurkitu Gasteizko Udalak, eta, horregatik, urgentziazko lizitazioa abiatu du.

Hainbat ingurumen ikuskaritzatan aurkitutako arau-hausteen ondoren, eta ingurumenari buruzko araudiaren eskakizunei egokitzeko, iazko ekainean udalak jakinarazi zion Jaurlaritzari zabortegiaren zuzendari teknikoa izendatuko zuela. 

Abenduan lizitazio bat martxan jarri zuen horretarako, baina zuzendaritza teknikoaren kargua betetzeko kontratua bete gabe geratu zen, argitu ez diren arrazoiak tarteko. Lurgintza, Civilarch eta Grupotec ingeniaritza enpresek aurkeztu zituzten eskaintzak. 

Besteak beste, aurreikusten da zuzendari berriak lindano araztegiaren gaineko kontrola eramango duela. Agirietan ziurtatzen da lindanoa tratatzeko zabortegian martxan jarri den araztegiak "%99 baino gehiagoko efizientzia" duela. 

Modu berean, zuzendari teknikoak zabortegian orain erabiltzen ari ez diren guneak aurre-zigilatzeko lanak kudeatu beharko ditu, eta zabortegitik gasak kentzeko plana abiatu beharko du ere.

Zuzendari horrek, teknikoki, "zabortegia ustiatzen duen enpresarekiko independentea" izan behar du. Lizitazioaren arabera, zuzendaritza teknikoa bere gain hartuko duen enpresak ezin izango du bere burua aurkeztu etorkizunean zabortegia ustiatzeko aterako den eskaintza publikora. Kontratuaren aurrekontua 559.988 eurokoa da. 

Azpiegitura kudeatzeko "beharrezko ezagutzak eta eskarmentua dituen zuzendari teknikoa" kontratatzea "berehala eta atzerapenik gabe" egin behar dela zehaztu du udalak urgentziazko lizitazioa abiatzeko justifikazioan.

"Proiektuaren zuzendaritza teknikoa funtsezkoa da zigor espediente berriak saihesteko, eta ingurumen organo horrek egindako eskakizunak betetzeko", argudiatu du udalak, Jaurlaritzaren Ingurumen sailari erreferentzia eginez. 

Duela bi aste ALEAk ezagutzera eman zuen Jaurlaritzak zigor espediente bat abiatu duela udalaren aurka. Lizitazio honetan agertzen denari jarraiki, zigor espediente bat baino gehiago zabalik daude uneotan.

Erlazionatuak

Zigor espedientea abiatu du Lakuak

Juanma Gallego 2023 mai 09 Gasteiz

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide