Maiatzaren 16an, asteartean, 2023ko lehen hilketa matxista gertatu zen Euskal Herrian, Orion (Gipuzkoa). Euskal Herriko Mugimendu Feministak "samina eta elkartasuna" adierazi dio emakumearen familiari, eta asteazkenean, hilaren 17an, Orion deitutako elkarretaratzeaz gain, larunbat honetan elkarretaratzeak antolatu ditu herrietan, tartean Gasteizen.
Horrez gain, Mugimendu Feministak "komunikabideetan zabaltzen ari diren irudiak" salatu ditu, "familiei eta gertukoei eragiten dien mina" dela eta.
"Emakumeon aurkako indarkeriak ez du etenik izango gizartea egituratzen duen matxismoarekin amaitu arte. Ez nahasi, hau patriarkatuaren muturreko ondorioa baino ez da, egunero emakumezkoon bizitza baldintzatzen duen egitura baten ondorio alegia", ohartarazi dute. "Indarkeria hau sistema heteropatriarkalaren ondorio da. Sistema biolento batean bizi gara bai emakumeok, baita heteroarauan sartzen ez diren gorputzak ere. Haien bakeak gure guda izaten jarraitzen baitu. Honekin bukatu beharra daukagu, nazkatuta gaudelako gure egunerokotasuna indarkeriaz bizitzeaz eta azken muturrean erailak izateaz".
"Emakumeok gure bizitza proiektuak aurrera eraman nahi ditugu", gaineratu dute. "Baina gizarte honen egitura patriarkalak gure bizitzak arriskuan jartzen ditu. Horregatik gizartearen egituraren oinarriari eragin behar diogu, feminismoaren irakurketei jarraituz. Ez dezagun ahaztu emakumeon gorputzetan gorpuzten bada ere, hau gizarte osoaren arazo bat dela".
"Ozen esaten dugu feminismoaren bidea dela soilik gizartea errotik aldatuko duen bidea. Autodefentsarako deia egiten dugu, feministak batu behar gara gizartea errotik aldatzeko. Bizitza bizigarrien aldeko apustu erradikal bat egiten dugu, indarkeriarik, arrazakeriarik eta gorrotorik gabea. Aski da! Erailketa matxistarik ez!", adierazi dute Gasteizko mobilizazioan.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.