Lau kontzertu eskainiko ditu aurten Jazz Vital zikloak

Erredakzioa 2023ko mai. 15a, 17:30
TikTara talde zarauztarra Arka plazan izango da ekainaren 8an. / Argazkia: VITAL FUNDAZIOA

Maiatzaren 18tik ekainaren 8ra bitartean, Fran Serranoren boskotea, Hutsun, JEL hirukotea, Irati Bilbao eta TikTararen kontzertuak izango dira Vital Fundazioa Kulturunean eta Arka plazan.

Jazzaldiaren atarian Vital Fundazioak urtero antolatzen duen Jazz Vital musika zikloaren VII. edizioa ostegun honetan, maiatzaren 18an, itzuliko da Gasteizera, musikazaleentzako eta, bereziki, jazz zaleentzako hainbat proposamen interesgarrirekin.

Guztira bost talde arituko dira oholtza gainean, lau emanalditan: maiatzaren azken bi ostegunetan (hilaren 18an eta 25ean) eta ekainaren lehenengo bietan (hilaren 1ean eta 8an). Guztiak Arabarekin lotura berezia izateagatik hautatu dituzte, dela bertan jaio direlako, dela bertako musika erakunde batean ikasi dutelako, dela hemen bizi eta lan egin dutelako. Askotariko estilo eta ikuspegiak, jazz tradizionala edo hainbat generoren arteko fusioa; horietako batzuk dagoeneko ezagunak eta ospetsuak, eta beste batzuk jazzaren eszenan azaleratzen.

Nobedade gisa, aurtengo azken emanaldia, ekainaren 8koa, kalean eta dohainik izango da, Arka plazan. Gainerakoak, ohi bezala, Vital Fundazioa Kulturunean (Dendaraba), 19:30etik aurrera:

  • Maiatzak 18, osteguna: Fran Serrano Quintet. Fran Serrano baxu-jotzaile eta kontrabaxu-jotzaile gasteiztarra da, eta 2000. urteaz geroztik dihardu musikaren munduan. Jazz kontrabaxua, musika modernoa eta pedagogia tituluduna, nazioartean aritu da hainbat talderekin batera, jazz kontrabaxu, klasiko eta baxu elektrikoko jotzaile gisa. Alberto Arteta (saxofoia), Unai Olabarri (bateria), Dani Artetxe (gitarra) eta Marcos Salcinesekin (pianoa) batera osatutako boskotearen lehen lana 0202 da. Jazzaren, musika klasikoaren eta rockaren artean mugitzen da taldea.
  • Maiatzak 25, osteguna: Hutsun + JEL Trio. Sonoritate eta musika estilo berriak esploratzeko jakin-minetik sortu da proiektu berritzaile hau. Alde batetik, JEL hirukotea: Marcelo Escrich kontrabaxua, Javier Lopez Jaso akordeoia eta Juanma Urriza bateria; jazzak elkartutako hiru musikari. Bestalde, Hutsun (Mikel Urrutia eta Anai Gambra Uriz), tradizioa ezagutzen duen txalapartari bikotea, musika tresna horrek beste musika esparru batzuetan dituen aukeren ikerketarekin konprometitua. Emaitza jazzaren eta mitologia oroitzapenen nahasketa atsegin eta harrigarria da. Bi taldeek Artze (2022) beren lehenengo diskoa aurkeztuko dute, egungo txalapartaren aitzindari izan ziren Jexux eta Joxantos Artzeri eginiko omenaldia.
  • Ekainak 1, osteguna: Irati Bilbao. Abeslari bizkaitarraren proiektu pertsonala da, Sergio Arconadaren gitarrak, Mikel Nuñezen pianoak, Jon Carranzaren baxuak eta Aitor Bravoren bateriak lagunduta. 2019an sortu zen, ikaskideekin batera, Musikenen, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Zentroan, eta urteetan zehar eboluzionatuz joan da, musikari berriak sartuz. Beren lehenengo diskoa, Begin (2020), aurkeztuko dute. Jazz klasikoenean sakonki errotuta, errepertorioak musika espektro handia hartzen du, eragin modernoagoa eta garaikideagoa duten proposamenetatik hasi eta mimoz moldatutako konposizio originaletaraino, oraina eta iragana batuz.
  • Ekainak 8, osteguna: TikTara (Arka plazan). 2010ean sortu zen, Zarautzen (Gipuzkoa), taldeko kideen abesti latino gogokoenen bertsioak interpretatzeko asmoz. Apurka-apurka eta sustrai latindarrari eutsiz, euskaraz idatzitako abestiak sortzen hasi ziren, eta errepertorio dibertigarri eta dantzagarria osatu zuten. Taldekideak Harkaitz Bastarrika (ahotsa, perkusio txikia eta gitarra), Amaia Ureta (pianoa), Aritz Luzuriaga (kontrabaxua), Jose Gallardo (saxo tenorea eta sopranoa), Beñat Isasti (tronpeta), Iñigo Egia (kongak) eta Ander Zulaika (paila eta bateria) dira.

Sarreren prezioa 3 eurokoa izango da eta online eros daitezke jada, www.fundacionvital.eus webgunean, Vital Fundazioaren egoitzan (Kordoi Etxea, Aiztogile kalea 24) edo Vital Fundazioa Kulturuneko leihatilan, kontzertu bakoitza hasi baino ordubete lehenagotik aurrera, eserleku librerik balego.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide