Nolakoa izango da Principal Antzoki berria?

Erredakzioa 2023ko mai. 15a, 10:30
Principal Antzokiaren zaharberritzerako proiektua. / Argazkiak: Gasteizko Udala

Gasteizko Udalak Principal Antzokiaren erreforma integralerako behin-behineko proiektua jaso du. 12 milioi euroko inbertsioa egingo dute erakundeek kultur azpiegitura zaharberritzeko eta handitzeko.

"Erosoagoa, seguruagoa, irisgarriagoa eta balioaniztunagoa" izango da Principal Antzoki berria, Udalak duela gutxi jasotako behin-behineko proiektuaren arabera. Une honetan, Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren Saila eta inplikatutako sail guztietako teknikariak, bereziki Kultura Sailekoak, proiektua gainbegiratzen ari dira. Tokiko gobernu batzordeak joan den ostiralean eman zion oniritzia Eusko Jaurlaritzaren eta Aldundiarekin adostutako hitzarmenari.

Erakundeek 12 milioi euro inguru bideratuko dituzte antzokiaren erreforma integralera, zaharberritzera eta handitzera. Gainera, horrek instalazio eszenikoak finantzatzeko etorkizunerako eranskina bermatuko du.

Gorka Urtaran alkateak ostiraleko prentsaurrekoan ziurtatu zuenez, zaharberritutako Principal Antzokiak "gaitasun eszeniko handiagoa, musikarien foso handiagoa, kamerino berriak, espazio handiagoa eta modernizazio tekniko zein funtzional integrala" eskainiko dizkie publikoari, talde profesionalei eta konpainia artistikoei.

 

Italiako kutsua duen aretoa

Idom ingeniaritza enpresak idatzitako proposamenak aurreikusitakoaren arabera, zaharberritze integralaren ostean, aretoak 842 besaulkitarako edukiera izango du —horietako 19 mugigarritasun murriztua duten pertsonentzat—, eta gaur egungo estetikari zein oinarriari eutsiko dio, Italiako antzokien kutsua mantenduz.

Horretarako, barrualde guztia eraitsi eta berriro eraikiko dute, gaur egungo itxura errespetatuz —besaulkien diseinua, tapizatuen gama...— eta erosotasuna, irisgarritasuna eta segurtasuna handituz. Halaber, aretoko argiztapena, klimatizazio sistemak, akaberak, besaulkiak eta gainerako elementuak berrituko dituzte.

 
Agertoki berria, handiagoa

Horrekin batera, modernizazio teknikoa eta aukera eszeniko handiagoak bilatuko dira. Hain zuzen ere, agertokiaren atzealdea handitzeko aukera egongo da, orratzaren altuera nabarmen handituko da, agertokiaren atzealdeko espazioa ere zabaldu egingo da, eta musikariak kokatu ohi diren pezoia ere handitu egingo da.

Passivhaus estandarrak

Proiektuaren elementu nagusietako bat izango da eraikin multzoaren eragingarritasun handiko diseinu energetikoa; izan ere, Passivhaus estandarrak beteko ditu. Energetikoki eragingarria izateaz gain, estandar horrek barnealdean erosotasun handiko baldintzen balio erantsia ere biltzen du: airearen kalitatea —nahi ez diren infiltrazioak ekiditen dituelako eta aireztapena kontrolatua delako—, urte osoan zehar konstantea den tenperatura eta isolamendu akustikoa. Gainera, suteen aurkako segurtasuneko zein irisgarritasuneko egungo araudira egokituko da azpiegitura.

 

Sarrera argitsuagoa

Principal Antzoki berriaren sarrerari dagokionez, egungo fatxadako zabalera osoa hartuko du. Beiraz hornitutako ateekin eta hormekin konektatuta egongo da sarrera, eta, horri esker, atondoak zabaltasun eta argitasun handiagoko sentsazioa emango du. Argitasuna izango da areto guztietako ezaugarri orokorra: sarrerako atondoan, hall nagusian (foyer-a) eta espazio komunetako erreforma arkitektonikoa egin ondoren goiko solairuetan aterako diren espazio berrietan.

Balio anitzeko aretoa eta gela osagarriak

Zaharberritze arkitektonikoari esker, gaur egun erabilera publikorako itxita dagoen espazioa (goiko solairuan) balio anitzeko areto gisa erabiltzeko berreskuratuko da, eta, hala, eskaintza eszenikoa formatu txikiko emanaldiekin handitu ahal izango da.

Era berean, modu integralean zaharberrituko dute kamerinoen eraikina, sartzeko nasa, eta bulego teknikoen espazio zabala eraikiko dute banketxe bati erositako eraikinean. Gaur egungo edaritegia prentsa areto argitsu bihurtuko da, besteak beste aurkezpenak egiteko.

 

Finantzaketa

Udalak berretsi duen hitzarmenak Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Udalaren arteko lankidetza administratiborako, finantzariorako eta teknikorako formulak finkatzen ditu, 2023-2026 aldian proiektua aurrera eramateko. Lan horietarako aurreikusitako kostua 12 milioi eurokoa da: Eusko Jaurlaritzak %40 finantzatuko du (4,8 milioi euro), Aldundiak %30 (3,6 milioi euro) eta Udalak beste %30. Horri guztiari, gainera, instalazio eszeniko berrien eta ondoko lokala erostearen kostua gehitu beharko zaizkio, eta horiek guztiak etorkizuneko eranskin batean gehituko dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide