Elikadura burujabetzaren aldeko jardunaldia antolatu dute Judimendin

Erredakzioa 2023ko mai. 8a, 19:00

Arabako produktu agroekologikoekin egingo dute larunbateko bazkaria. / ALEA

Maiatzaren 13an, larunbatean, elikadura ereduen inguruan hausnartzeko solasaldiak, herri bazkaria, agroindustriaren aurkako protesta eta kale animazioa izango dira Judimendin egun osoan zehar.

Jaten uzten digutena gara. Agroindustriaren aurrean auzoak burujabetza! lelopean, elikadura burujabetzaren eta agorekologiaren aldeko egun osoko jardunaldia antolatu du Judimendiko Batuta Elkartasun Sareak.

Lehenik eta behin, bizitzaren garestitzea salatuko dute: "Egun, duela urtebete baino %3,3 garestiagoa da EAEn bizitzea; duela bi urte baino %13,2 garestiagoa, eta 2016an baino ia %21 garestiagoa. Bitartean, soldata errealak eta gure kontsumo ahalmena jaitsi dira: 2020rekin alderatuta, erosketa ahalmena urtean 850 euro txikiagoa da", ohartarazi dute.

"Guk erosketa saskia ordaintzeko gero eta arazo gehiago ditugun bitartean, agroindustriaren mozkin ekonomikoak areagotu egin dira. Mercadonak, esaterako, 718 milioi euroko etekinak izan ditu 2022an, aurreko urtean baino %5,6 gehiago. Izan ere, inflazioaren %90a enpresen marjina ekonomikoen handitzeagatik eratorri da".

Judimendiko elkartasun sareko kideen ustez, hori guztia "oso era indibidualean bizitzen ari den arazoa da", eta bakoitzak bere etxean edo gertukoekin bizitzen ari garen larrialdia "arazo kolektiboa" dela ikusarazi nahi dute, eta "komunitatea oinarri izanik erantzutea".

Egun osoko egitaraua

Egoera horren aurrean tresnak eskaintzeko asmoz, Batuta sareak egun osoko egitaraua antolatu du larunbat honetarako, maiatzaren 13rako. 11:00etan hasiko dira jarduerak, Sumendi Espazioan egingo duten mahai-inguruarekin, Bioalai, Bionekazaritza eta Herrizoma eragileen eskutik. 13:00etan ordu erdiko atsedenaldi eta hamaiketakoa egingo dute, 13:30ean Landa eta auzoa hurbilduz nekazarien tertuliarekin jarraitu aurretik.

15:00etan auzo bazkari herrikoia egingo dute Judimendiko eskolan, auzoan erositako Arabako produktu agroekologikoekin. 16:30ean, bazkalostea girotzeko, bingo musikatuaren txanda izango da. 17:30ean, Agroindustriaren aurrean auzoak burujabetza lelopean, salaketa-protesta egingo dute Judimendiko parkean. Eta, amaitzeko, 19:30etik aurrera, musika jartzaileak izango dira Santa Luziako skate parkean.

Elikadura eredu alternatiboak

Alde batetik, erosketa saskiaren garestitzearen atzean dauden enpresa handien "eredu agroindustrial-kapitalista" salatu nahi du Batuta sareak. "Enpresa horien helburu bakarra oinarrizkoa den ondasun batekin ahalik eta etekin handienak lortzea da; eta horretarako prezioak puztu behar badituzte, puztuko dituzte", kritikatu dute. Bestetik, "eredu alternatiboak eskaintzen dituzten egitasmoak" ezagutarazi nahi dituzte.

Azkenik, "komunitatea indartzeko" helburua izango du jardunaldiak. "Erosketa saskiaren garestitzea eta honi aurre egiteko zailtasunak izatea ez da arazo indibiduala, egiturazkoa da eta gehiengoari eragiten digu. Partekatzen dugun auzi hau kolektibizatzea da gure lan filosofia", aldarrikatu dute.

Era berean, auzoaren eta landa eremuaren arteko lotura indartu nahi dute: "Supermerkatuetan oinarritutako kontsumo ereduak eredu agroindustrial-kapitalista indartzeaz gain, arazoaren indibidualizazioa zein auzoaren eta landa eremuaren urruntzea dakar. Elikagaiak apaletatik erosketa saskira doaz zuzenean; non, nola eta zein baldintzatan ekoiztu diren jakin gabe".

Larunbateko jardunaldiaren bitartez, "txikitasunetik eragiten hasi" nahi dute Judimendin: "Batuta sarean ditugun gaitasunak mobilizatu, lehen aletxoa jarri eta eraldaketarako hummusa auzoan sortzen saiatu".

"Hala ere, badakigu irtenbideak ez daudela auzo mailan soilik, eta, beraz, beste eragileekin zein markoekin elkarlanean aritu beharko dugu aipatutako helburuak gauzatzeko. Horregatik hainbat eragilerekin saretzeko egun aproposa izan daiteke. Auzoak eraldaketa-nodoak izan daitezke; gure egunerokotasunaren erreferentziazko espazioak diren heinean. Betiere kontuan izanik helburua ez dela alternatiba isolatuak biderkatzea, baizik eta eraldaketa nodo horiek elkarren artean lotzea baizik".

EGITARAUA

HERRI BAZKARIA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago