Maiatzaren 26an hasiko da udako kanpaina Gasteizko igerilekuetan

Erredakzioa 2023ko mai. 5a, 09:26
'Abonikatu’ kanpainarekin gogoratu nahi dute abonuarekin igerilekura sartzeaz gain, beste instalazio batzuetara ere sar daitekeela. / Gasteizko Udala

Mendizorrotzak irailaren 17ra arte eta Gamarrak irailaren 10era arte luzatuko dute igerilekuen kanpaina.

Udako kanpaina maiatzaren 26an hasiko da Mendizorrotza eta Gamarrako igerilekuetan. Mendizorrotzaren kasuan, irailaren 17ra arte egongo da igerilekuez gozatzeko aukera eta, Gamarran, irailaren 10era arte. Astebete luzatuko da, beraz, kanpaina Gamarran. Instalazioen ordutegiei dagokienez, 08:00etatik 22:00etara egongo dira zabalik eta ur-ontzi guztiak 10:00etan irekiko dira.

2023ko kanpaina honetan berrikuntzak ere izango dira, uda-sasoirako instalazioetarako sarbidean egindako hobekuntzei dagokienez. Kirol Forumen esparruan hainbat erakunderekin eta Bizan zentroekin landu da gai hori, eta lankidetza horren ondorioz hainbat hobekuntza egin dituzte instalazioetan. Esaterako, instalazioetako hainbat elementu markatu dituzte kontrastea egiten duten koloreekin, hala nola hesiak, ikusgarriagoak izan daitezen eta, hala, ikusmen baxuko kolektiboarentzat instalazioen barrutik mugitzea errazagoa izan dadin. Era berean, aurten laguntzeko aulki teknikoa eskatzeko ez da beharrezkoa eskaera-izapidea egitea.

Abonamenduak eta sarrerak

Instalazioetara sartzeko aukerak ohikoak izango dira: abonatuak izatea edo aldi baterako pasea izatea, eguneko sarrera erostea eta, Gamarraren kasuan, sasoiko bonua egitea. Halaber, aukera egongo da udal-webgunean edukiera denbora errealean kontsultatzeko. Abonuarekin, udako kanpainan igerilekuetara sartzeko aukera izateaz gain, beste instalazio batzuez doan gozatzeko aukera ere badute, besteak beste, hondartzako boleibola edo Gamarrako frontoiak. Horrez gain, ariketak egiteko aretoetan, rokodromoetan, frontoietan edo padel-, badminton-, tenis- edo squash-pistetan prezioen murrizketak dituzte. Era berean, abonatuek deskontuak dituzte udal-jarduera eta zerbitzu askotan.

Gamarrako parkerako sasoiko bonua maiatzaren 5etik aurrera eros daiteke udal-webgunean eta prezioak aurreko urteetan bezala mantentzen dira: 4 urte arte dohainik; 5 urtetik 17 urte bete arte 11 euro; 18 urtetik 24 urte bete arte 26,20 euro; 25 urtetik aurrera 31,50 euro; 65 urte baino gehiagoko pertsonek eta % 65eko desgaitasuna edo handiagoa dutenek kuotan %50eko murrizketa izango dute. Herritarren Udal Txartela (HUT) duten pertsonek pasea izapidetu eta ordaindu ahal izango dute udalaren webgunearen bidez, San Antonioko Herritarrei Languntzeko Bulegoan, San Martineko Udal Bulego Teknikoetan eta Gizarte Etxeetan. Txartel hori ez dutenek aipatutako puntuetan bakarrik izapidetu eta ordaindu ahal izango dute denboraldiko abonu hori. Azkenik, eguneko sarrerak instalazioetan edo udal-webgunean erosi ahal izango dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide