Babestutako edukia

ERAIKEN, Lanbide Heziketan euskaraz eskaintza gero eta zabalagoa

Erredakzioa 2023ko mai. 10a, 08:00

Datorren ikasturtea berrikuntzaz beterik dator ERAIKENera, eskaintza handituz doa eta euskaraz eskaintzen diren zikloak ere, D ereduan, nabarmen doaz gora, lanbide heziketa euskalduntzeko pausu bat aurrera emanez.

Goi-mailako bi ziklo berri, Obra Zibileko proiektuak eta Energia Berriztagarriak, espezializazio ziklo berri bat, Ikuskaritza Energetikoa eta Etxebizitzen Mantentze lanetako oinarrizko heziketa zikloa. Orain arteko ziklo guztiak mantentzen dira, instalakuntza, eraikuntza, egurra eta arrisku profesionalen prebentzioko familietako hainbat ziklorekin.

Nabari zabaldu da eskaintza azken urteekin alderatuta, bereziki euskaraz eskainiko diren zikloak. Aurrez aipatutako ziklo berriak D ereduan eskainiko dira, eta orain arteko goi-mailako ziklo gehienak eskaintza partziala dute, B plus deritzona, hainbat ikasgai euskaraz edota euskaraz eta ingelesez jasotzeko aukera. Honako ziklo hauetan, Energia eraginkortasuna eta eguzki energia termikoa, Instalazio termiko eta fluidodunen mantenua eta Eraikuntza proiektuak.

Eskolak garrantzia handia ematen dio profesional euskaldunak prestatzeari, izan ere, hezkuntza formalean euskara hutsean jardun duten ikasle askok euren euskaraz ikasteko eskubidea urratuta ikusten dute lanbide heziketan ikastea erabakitzen dutenean.

Horri aurre egiteko bidean, aspalditik itxaroten zeuden aurrerapausoa emango da, eta ondorengo urteetan D eredua egonkortzea eta ziklo guztietara zabaltzea izango da euren helburua. Horregatik ikasle euskaldunen bila dabiltza buru-belarri.

Ikastetxean eskaintzen diren ziklo guztiek enplegagarritasun-portzentaje handia dute, gorantz doazen sektoreak dira. Orain, gainera, D ereduarekin, profesional euskaldunak prestatuko dira, eta, gainera, euskararen maila egiaztatzen duen ziurtagiria lortuko dute, eskakizuna izanik oposizio publiko askotan.

ERAIKENek 30 urte daramatza eraikuntza industrializatuaren sektorean profesionalak sartzen. Ikastetxea erreferente bat da eraikuntza jasangarrian eta energia-eraginkortasunean, egurrean baita laneko arriskuen prebentzioaren arloan ere. Gainera, ikerketa, prestakuntza eta dibulgazioa sustatzen ditu. Konpromiso handia du segurtasunarekin, ingurumenarekin, hazkunde iraunkorrarekin eta lankidetza-ekonomiarekin.

Zentroak instalazio modernoak ditu, bakoitza bere ekoizpen eremuaren eskakizunetara egokitua. Teknologia berriak eta ETHAZI proiektuak garatzeko gelak daude. Horien elementu nagusia erronketan oinarritutako elkarlaneko ikaskuntza da, eta 4.0 Industriaren berezko gaitasun tekniko eta pedagogikoak lortzen dira.

Heziketa zikloak hezkuntza aukera bikaina dira berariazko trebetasunak eskuratu eta lan merkatuan azkar eta eraginkortasunez sartu nahi dutenentzat ERAIKENek landutako sektoreetan, gaitasun handiko langileen eskaera gero eta handiagoa da, eta horien falta arazo larri bihurtu da. Heziketa ziklo bat ikasteak aukera ematen du trebetasun teknikoak eta praktikoak hainbat arlotan eskuratzeko. Hori dela eta, enpresek asko baloratzen dute, gaitasun handiko langileen eskaera gero eta handiagoarekin, horregatik heziketa-ziklo bat ikasteak etorkizun oparoa izan dezake.

Beraz, lanbide heziketako zikloren bat ikasteko asmoa izanez gero, animatu ERAIKEN ezagutzera. Ate irekiak antolatu dituzte maiatzaren 10 eta 17an, 15:30ean erdi-mailak eta oinarrizko zikloa ezagutzeko aukera egongo da, eta 16:30ean goi-maila eta espezializazio zikloak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago