Simulakroak ohikoak izaten dira ikastetxeetan, baina gaurkoa benetako sute bat izan da, susto batean geratu bada ere. Asteazken honetako 10:45ak aldera, sute txiki bat piztu da Gasteizko Marianistas ikastetxeko laborategian, laugarren eta azken solairuan. Ezbeharra gertatu denean ez zegoen ikaslerik klasean, eta une horretan ez da zauriturik izan.
Hala ere, irakasle bat eta mantentze lanetako arduraduna sutea itzaltzen saiatu dira su-itzalgailuekin, eta kea arnasteagatik artatu behar izan dituzte suhiltzaileekin batera bertaratutako anbulantzian. Halaber, sutearen ondorioz 1.700 ikasle inguru atera behar izan dituzte zentrotik, prebentzio neurri gisa, Kristau Eskolako ikastetxearen protokoloari jarraituz.
11:30ak aldera, ikastetxeak normaltasunez berrekin die klaseei. Suhiltzaileek, berriz, 12:00ak aldera amaitu dute operatiboa, sutea itzalita eta arrisku gehiagorik ez zegoela egiaztatuta. Sutearen nondik norakoak argitzeko ikerketa abian jarri dute.
Laborategia kiskalita gelditu da, baina zuzendaritzak familiei helarazitako ohar batean azaldu duenez, beste ikasgeletan ez da kalte materialik gertatu.