Jantzigintza eredu berri bat aldarrikatu dute Rana Plazako tragediaren urtemugan

Erredakzioa 2023ko api. 24a, 17:00

SETEMek beste jantzigintza industria bat posible dela aldarrikatu du Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, Rana Plaza eraikina erori zela hamar urte bete direnean.

Argazkiak eta bideoa: Giuliana Preciado Cuero

Astelehen honetan, apirilaren 24an, hamar urte bete dira Bangladesheko Rana Plaza eraikina erori zela. Bederatzi solairu zituen, eta 3.122 lagun ari ziren lanean fabrika behera erori zenean, gehienak emakumeak; 1.138 hildako eta dozenaka zauritu izan ziren. Ehungintzaren industrian izan den ezbehar larriena izan da, eta hori gogoratu eta salatzeko ekintza egin du Setem Hego Haizeak Gasteizen, 11:00etan Andre Maria Zuriaren plazan.

Bangladesh eta Pakistanen arropa ekoizten duten milioika langileren segurtasun baldintzak hobetzeko nazioarteko hitzarmena (195 markak sinatutakoa) sinatzea eskatu diete, besteak beste, Levi’s, Decathlon, Amazon eta Ikea markei. Halaber, Espainiako Gobernuari eskatu diote "behar bezalako arreta izango duen" lege lotesle bat sor dezala, moda marken balio-kate osoan giza eskubideak eta ingurumena babestuko dituena, eta haiek betetzen ez dituzten enpresak zigortuko dituena.

Jon Narvaez Setemeko komunikazio arduradunak salatu duenez, milaka hildako eragin zituen istripuak agerian utzi zuen multinazionalen lan zapalketa; lan baldintza eskasak, haurren esplotazioa, itzalpeko esklabotza edota agintarien ustelkeria.

Arropa Garbia

Rana Plaza eraikinak lau ehungintza fabrika zituen, eta, horien bezero nagusien artean, ezagunak dira gure artean ere Benetton, Primark, Mango, Inditex, El Corte Ingles eta Disney, besteak beste. "Lortu nahi dugu lan baldintzak Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LANE) ezarritakoen parekoak izan daitezen, eta ehungintzako ekoizpenak ingurumenean duen inpaktua minimizatzea", azaldu dute elkartetik.

Horretarako hainbat alorretan lan egiten dute Arropa Garbia nazioarteko kanpainaren eskutik. Ikerketak egiten dituzte ehungintzako langileen egoerari buruz, arroparen eta kirol materialaren ekoizle diren herrialdeetako langile sareen laguntzarekin; kontsumitzaileak kontzientziatzen eta mobilizatzen dituzte, informazioa emanez arroparen ekoizpen baldintzen inguruan; presioa egiten diete enpresei, erantzukizuna beren gain har dezaten eta beraien produktuak lan baldintza duinetan fabrikatzen direla ziurta dezaten; eta, gainera, beren hornidura katearen lantegietan lan eskubideen urraketak gertatzen direnean, enpresek erantzukizuna beren gain har dezaten lan egiten dute.

Gaurko ekitaldiarekin hori bera salatu nahi izan dute Gasteiz erdigunean. Ezbeharraren hamargarren urteurrenean eskela handi bat ere prestatu dute, "ehungintza langile ezezagunari" omenaldia egiteko: "Beste jantzigintza industria bat posible dela sinisten dugunok ez dugu atsedenik hartuko harik eta moda marka handiek bere langileen segurtasun eta osasun eskubideak bermatu arte", adierazi dute amaieran irakurritako manifestuan. Azkenik, minutu bateko isilunea egin dute, aldi berean Madrilen, Bartzelonan, Iruñean eta Granadan egin duten bezala.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago