Rocio Vitero EH Bilduren Gasteizko alkategaiak Oihaneder edo Montehermoso Jauregia kultur sorkuntzarako gune bihurtzea proposatu du aste honetan. Balizko espazio berriari, gainera, izena jarri diote: Sortegia. "Gasteizek ez du kultur sorkuntzaren ezinbesteko prozesurako espaziorik", deitoratu du Viterok. "Gure hirian kultura bizi eta indartsu bat nahi badugu, artistei ondoren gozatuko dugun eskaintza kultural hori sortzeko espazioak eskaini behar dizkiegu".
2022an agur esan zuen Oihaneder Euskararen Etxeak, eta zortzi urtez proiektua kudeatu zuen Lazarraga Kultur Elkartea Izaskun Arrue Kulturgunea 2023an zehar martxan jartzeko lanean ari da orain. Bitartean, gaur egun Montehermoso Kulturunea hartzen duen espazioak sortzaileen behar horri erantzun diezaiokeela uste du Viterok.
Beraz, Oihaneder "kultur, sorkuntza eta diziplina anitzeko produkziorako gune eta espazio malgu, ireki eta parte-hartzaile" gisa sustatuko du EH Bilduk. "Espazio horren ahalmen guztia kultura jardueraren esku jarri nahi dugu. Kulturaren sektoreak beti salatu izan du erakundeen babesa prozesuaren amaiera gerturatzen denean bakarrik iristen dela, eta ez sorkuntza fasean. Eta sorkuntza fase hori gabe ez dago kulturarik. Beraz, Udalak gehiago eskaini behar du", aldarrikatu du Viterok.
"Orain arte, Udala jarduerak programatzera eta haientzako espazioak eskaintzera mugatu da, eta ondo dago, baina ez da nahikoa. Udalak dinamizatzailea, animatzailea eta laguntzailea izan behar du prozesu osoan zehar, fase sortzailetik hasita eta azken produkturaino. Are gehiago Gasteiz bezalako hiri batean, non kultura sektore publiko eta pribatu oso anitza eta aberatsa dugun". Horrez gain, Sortegiak "kultur eragileen arteko topaleku" izan behar duela deritzo EH Bilduk, "pertsona sortzaileak, taldeak, kultura eta sormen industria, erakundeak eta herritarrak elkartzeko lekua".
Prozesu parte-hartzailea
Kulturgune berria zer eta nolakoa izango litzatekeen definitzeko, kultura eragileekin lankidetzan "entzuteko eta diagnostikatzeko ariketa bat" planteatuko du EH Bilduk. Prozesu horrek, espazioen erabilera definitzeaz gain, espazioak kudeatzeko modua ere definituko luke, "kudeaketa irekiago eta parte-hartzaileago baten alde eginez".
Xabier Ruiz de Larramendi zinegotziak azaldu duenez, prozesu horrek "gutxienez" sei printzipio hartuko lituzke kontuan:
- Diziplina bakoitzaren beharrak eta berezitasunak kontuan hartzea.
- Udal baliabideen sarea sortzea: sorkuntza plastikoko tailerrak, soinu estudioak, argazki ekipoak erosi eta maileguan uztea, entsegu lekuak, edizio aretoak... Horrekin batera, Udalak kultur jardueraren esku jar ditzakeen espazio eta bitartekoen zerrenda eguneratzea.
- Proiektuen arteko bizikidetza eta gure ingurune hurbilean (Bilboko BDCC, Donostiako Tabakalera, Andoaingo Dinamo, Oreretako Lekuona, Irungo CBA, Gernikako Astra...) interesgarriak diren proiektu eta jarduketekiko osagarritasun eta sinergia alternatibak izateko aukera.
- Kultura lanaren karakterizazioa. Obra bat ekoiztu eta publikatzetik harago, sorkuntza prozesuaren fase guztietan egon daitezkeen behar posibleak atzematea; hala nola, bitartekaritza edo ikerketa fasea.
- Sortzaileen zaintza: bekak, egoitzak eta sektoreari laguntzeko antzeko moduak, pertsona sortzaileen prekarizazioan sakondu gabe.
- Publikoaren aniztasuna: bisitariak, parte-hartzaileak, espezialistak...
PROIEKTUA