BEIrentzako semaforoak jarriko dituzte ikastetxeen parean

Erredakzioa 2023ko api. 20a, 17:00

Familien elkarretaratzea Angel Ganivet eskolaren inguruan. / Argazkia: IZARTEGIA G.E.

Ikasleen familien hilabeteetako protesten ostean, Udalak semaforoak jarriko ditu BEI igarotzen den Angel Ganivet, Calasanz eta Abendaño ikastetxeen inguruan. Betiere, bus elektrikoak izango du lehentasuna.

Bus Elektriko Iraunkorraren (BEI) iritsierak hautsak harrotu ditu azken hilabeteetan Angel Ganivet, Calasanz-Escolapios eta Abendaño ikastetxeetako familien artean. Izan ere, hiru ikastetxe horien inguruko errepideetan sortutako segurtasun arazoak behin eta berriro salatu dituzte guraso elkarteek, besteak beste, mobilizazioen bitartez.

Aste honetan Gorka Urtaran alkateak eta Raimundo Ruiz de Escudero Mugikortasun zinegotziak iragarri dutenez, azkenean bai, Udalak semaforoak jarriko ditu BEIa igarotzen den hiru ikastetxeen inguruan, zuzendaritzek zein ikasleen guraso elkarteek eskatu bezala.

Hori bai, BEIk igarotzeko lehentasuna izango du uneoro. Hau da, semaforoa automatikoki gorri jarriko da garraio publiko elektrikoa iristen denean. Eta oinez gurutzatu nahi duten pertsonek busa igaro eta semaforoa berdera itzuli arte itxaron beharko dute pasatzeko.

Alkateak eta zinegotziak azpimarratu dute ikastetxe eta familiekin "etengabeko harremanetan" daudela, eta semaforoak jartzea orain arte hartutako neurriei gehituko zaiela:

Abendaño
  • Erdibitzaileetan dauden babeslekuak handitzea
  • Zirkulazioa lasaitzeko erdibitzaileak eta zirkulazioko errailaren murrizketak
  • Aparkatzeko eskaintza handitzea
  • Seinaleztapena indartzea
  • Txirrindularien konektagarritasunean hobekuntzak
  • Tomas Zumarraga Dohatsuaren eta Pedro Ausaren arteko P-50 seinaleetan Eskua-Stop optikak instalatzea, BEIren presentziaz ohartarazteko
  • Hobekuntzak semaforizazioan
  • Oinezkoentzako pasabide seguruagoak sortzea
Angel Ganivet
  • Jacinto Benaventeren aldean, ikasleak ateratzeko eta sartzeko espaloian aurrealdeko hesia
  • Aldaketak semaforoen erregulazioan eskolako ordutegian semaforo berdeari denbora gehiago emateko
  • Prestakuntza ikastaroa
  • Errefortzu argidunak oinezkoentzako pasabideetan
  • BEIren ibilbide osoan, semaforoen sarea egokitzea ONCEren agintea detekta dezan
  • Eskua-Stop seinalea
  • Bidegorrien sarea hobetzea
Eskolapioak
  • 15 minutuko aparkalekuak ikastetxe inguruan
  • Semaforoa Jacinto Benavente kaleko ikastetxerako sarreran eta irteeran
  • Hesia jartzea Florida kalean kalearen irteeran eta sarreran bidegorriaren pasabidea babesteko
  • Bidegorrien sarea hobetzea
  • Laster jarriko dute hesia

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago