Salburuan alokairu sozialeko 960 etxebizitza eraikitzeko akordioa

Erredakzioa 2023ko api. 20a, 13:30

Eusko Jaurlaritza eta Gasteizko Udala akordio batera iritsi dira, Salburua auzoan alokairu publikora bideratuko diren 960 etxebizitza eraikitzeko eta beste 62 zaharberritzeko.

Hainbat urteko tirabiren ostean, azkenean, akordioa erdietsi dute Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak, Arabako hiriburuan alokairuko etxebizitza publikoa sustatzeko. Hitzarmenean jasotakoaren arabera, Jaurlaritzak 130 milioi euroko inbertsioa egingo du.

Etxebizitza babestuaren arloko bi jarduketa egingo dituzte erakundeek: alde batetik, aurreko hitzarmenetan hartu ziren eta gauzatu gabe geratu ziren konpromisoak, hau da, 543 etxebizitza; eta bestetik, Udalak lurzoru batzuk dohainik utziko ditu beste 417 etxebizitza eraikitzeko. Beraz, guztira 960 etxebizitza eraikiko dira.

Horrez gain, udal jabetzako 62 etxebizitza huts birgaituko dituzte, modu iraunkorrean Eusko Jaurlaritzaren gizarte alokairuko parkean sartzeko. Horien bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa ebaluatuko du hitzarmenaren jarraipen batzordeak. 62 etxebizitza horietako 15 lehenengo multzo batean ebaluatu nahi ditu Udalak hitzarmena sinatu eta lehenengo sei hilabeteetan.

Bi erakundeen helburu nagusia da merkatu arrunteko alokairuen prezioei aurre egin ezin dieten pertsonei etxebizitza eskuratzen laguntzea, baita hiritarren eskaerari erantzutea ere; izan ere, gehiengo handi batek —Etxebiden izena emanda dauden 9.371 pertsonen %90— etxebizitza alokairuan eskatzen du.

Iñaki Arriola Etxebizitzako sailburuak hitzarmena "aurrerapauso handia" dela ospatu du, eta Gorka Urtaranek nabarmendu du "Gasteiz beti egon izan dela egoerak eskatzen zuen mailan etxebizitza babestuaren arloan". Alkateak gaineratu du Udalak eta Jaurlaritzak "baliabide guztiak" jarriko dituztela mahai gainean "une honetan dagoen bizileku beharrari erantzuna emateko".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago