Lucky Books Bienala: autoezagutza literatura, topaketak, solasaldiak eta tailerrak

Erredakzioa 2023ko api. 19a, 12:00

Lucky Books Bienalaren 2022ko edizioko solasaldi bat. / Argazkia: LUCKYBOOKS.es

Autoezagutza literatura ardatz hartuta, maiatzaren 2tik 18ra hitzaldi ziklo bat eta urritik azarora bitartean askotariko tailerrak eskainiko ditu Saure argitaletxea antolatutako Lucky Books Bienalaren II. edizioak.

2022an Gasteizen estreinatu ostean, Lucky Books Bienala bueltan izango da aurten ere, Saure argitaletxearen eskutik, autoezagutza-literaturaren inguruko askotariko jarduerak antolatuz eta mundu osoko idazle, editore eta irakurleak biltzeko asmoarekin. Bienalaren bigarren edizio honek bi jarduera bloke eskainiko ditu: maiatzaren 2tik 18ra, dozenaka solaskide elkartuko dituen hitzaldi zikloa; urriaren 18tik azaroaren 17ra, berriz, literaturarekin lotutako tailerrak.

Eztabaidak, irakurketa klub iragankorrak eta erakusketak izango dira, eta euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa entzun ahal izango dira 31 hizlariren eskutik. Lehen aldiz, gainera, EHUk kreditu gehigarriak emango dizkie Bienalean emango diren literatur hitzaldietara bertaratzen diren ikasleei.

Tarte zabalagoa euskarari

Euskarazko jardueren artean, adibidez, Nola egin zeure buruarekin ondo sentitzeko? konferentzia eskainiko dute Gorka Aurre, Susana Sucunza, Garbiñe Iztueta eta Igor Nabarrok, maiatzaren 2an, asteartean, 18:30etik aurrera Micaela Portilla Ikerguneko 2. aretoan.

Bestalde, maiatzaren 5ean, literatura dastaketa eskainiko du Mikel Babianok, Micaela Portilla Ikerguneko 3. aretoan, 18:00etatik aurrera. "Zergatik da funtsezkoa bakoitzak bere buruarekin ondo sentitzea eta zeintzuk dira hori lortu ahal izateko hartu beharreko bideak?" galderatik abiatuta, irakurle klub iragankorreko formatuan, autoezagutzaz hitz egiten duten idazle ospetsuen testuak aurkeztuko dira, galdera txanda batekin borobilduta.

Maiatzaren 8an, autoezagutzarako bidea Constantino Vavafis, Fernando Pessoa, James Joyce edo Immanuel Kant bezalako autoreen eskutik jorratzeko, Eider Goñi, Mikel Garmendia, Asier Maia eta Maitane Ormazabal izango dira Micaela Portillo Ikergunean, 18:30etik aurrera: Zergatik da garrantzitsua benetan nahi dugunaz jabetzea  eta helmugara iritsi aurretik jakitea? Literatura figura horietatik hasita bide pertsonalari ekitera gidatutako erantzunak eztabaidatzen dituzte.

Horrez gain, Lucky Hitzak erakusketa ikusgai izango da maiatzaren 2tik 9ra bitartean Dura herriko Sologana gizarte etxean. Idazle eta pentsalari handiek autoezagutzari buruz egindako aipamenen sorta arduratsua biltzen du.

Tailerrak

Literatura eta ikus-entzunezko arteetatik abiatuta artelan bat sortzeko prozesuei buruz ikastea gustatuko litzaizuke? Horretarako tailer ezin hobea antolatu dute Bienalaren barruan, urriaren 18tik azaroaren 17ra: Lucky BooksArt Futuribles. Lantegiaren helburua artelanaren aurreko ibilbidea planifikatzea eta ezagutzea da, hau da, sorkuntza prozesua. Proiektua lau astetan eta guztira 20 ordutako hiru etapaz dago osatuta, jarduera arte digitalaren sorkuntzarekin amaituz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago