Gasteiz eta Katalunia, elkarrekin LGTBIfobiaren aurka

Erredakzioa 2023ko api. 18a, 13:00

Amets Mtz. de Heredita (Ikusgune) eta Eugeni Rodriguez (OCH). / Argazkia: Giuliana Preciado

Observatori Contra l'Homofobia de Catalunyak (OCH) eta Ikusgune LGTBI+fobiaren aurkako behatokiak lankidetza hitzarmena sinatu dute Gasteizen, eta Behatokien Nazioarteko II. Topaketak aurkeztu dituzte.

Astearte honetan, apirilaren 18an, LGTBI+fobiaren aurkako urrats berri bat egin dute Kataluniak eta Euskal Herriak. Izan ere, Observatori Contra l'Homofobia de Catalunya (OCH) eta Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako behatokiak lankidetza hitzarmena sinatu dute Gasteizen, Ikusgunek Pintore kalean duen egoitzan.

Eugeni Rodriguez OCHko presidenteak eta Amets Martinez de Heredita Ikusguneko koordinatzaileak sinatu dute akordioa, eta bi erakundeen arteko lankidetzarako hiru ardatz ezarri dituzte:

  • Gasteizen, EAEko gainerako lurraldeetan eta Katalunian sexu orientazioagatik, genero identitateagatik edota genero adierazpenagatik jasandako diskriminazioaren berri duten gertakariak elkarri idatziz jakinaraztea.
  • Bi behatokiak Estatuko erreferentzia gisa hartuko dira, sexu orientazioagatiko, genero identitateagatiko edota genero adierazpenagatiko gorroto eta diskriminazio delituei dagokienez.
  • OCHk eta Ikusgunek LGTBI+ eskubideen arloko eragin politikoari buruzko laguntza eta euskarri lanak egiteko konpromisoa hartu dute.

Nazioarteko topaketak

Bi behatokien aliantza 2018an hasi zen, Behatokien Nazioarteko Topaketen lehen edizioarekin. Orain, ereindakoa hazten jarraitzeko, LGTBIfobiaren aurkako Behatokien Nazioarteko II. Topaketak aurkeztu dituzte. Bartzelonan izango dira ekainaren 2an, 3an eta 4an. Kataluniako behatokiak antolatzen du ekitaldia, baina aurten Lehendakaritzako Batzordeko kide izango da Ikusgune.

LGTBIfobiaren aurkako aliantza

"Behatokiak LGTBI pertsonen aurkako indarkeriaren zigorgabetasuna hausten duten tresnak dira", aldarrikatu du Eugeni Rodriguez OCHko presidenteak. "Konparaziozko zifrak jartzen dituzte eztabaidaren erdigunean, eta zifra horiek nahitaez interpelatzen dituzte botere publikoak, esku hartze eta politika publikoen bidez jasandako gorrotoa iraultzeko ahalmena baitute, bizitzako eremu guztietan espazio atseginak eta seguruak inplementatu eta bermatuko dituztenak".

Ikusguneko koordinatzaile Amets Martinezek, bere aldetik "behatokien arteko aliantzaren" beharra azpimarratu du. "Gure jarduera eremuetan zein eremu horietatik kanpo gertatzen diren indarkeriei aurre egiteko ezinbestekoak dira lankidetza tresna guztiak".

OCH eta Ikusgune estatuko erreferentzia bihurtu dira LGTBI+fobiaren aurkako borrokan. Bi behatokien arteko lankidetzari esker, besteak beste, prentsa ohar bateratuak egin dira hainbat gertaera LGTBI+fobiko larrien aurrean, baita 2021ean Pedro Sanchezi LGTBIfobiaren aurka borrokatzeko komisionatu bat sortzea eskatzeko ere.

Gaur sinatutako akordioak "aliantza bat formalizatzeko" balio izan du, "behatoki bakoitzaren lurralde eremuetan LGTBI+fobiari aurre egiteko, eragin politikorako Estatu mailako testuingurua ahaztu gabe".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago