Gasteiz '30 Hiria' izatea proposatu du EH Bilduk

Erredakzioa 2023ko api. 18a, 10:00

Amancay Villalba zinegotzia eta Rocio Vitero alkategaia. / Argazkia: EH BILDU

Besteak beste, zirkulazioa 30 kilometro ordukora mugatzea, tranbiarako gautxoria, bizikleten mailegurako sistema, tranbia Jundizera zabaltzea, BAT Langile txartela eta bidegorrien sarea handitzea proposatu du EH Bilduk mugikortasunaren arloan.

Maiatzaren 28an ospatuko diren udal hauteskundeen atarian, EH Bilduk "mugikortasun jasangarria, osasuntsua eta segurua" bultzatzeko proposamena plazaratu du aste honetan, Amancay Villalba zinegotziaren eta Rocio Vitero zinegotzi eta alkategaiaren eskutik. Horretarako, garraio publikoa indartzeko neurriak eta industriaguneetarako plan berezi bat jarri ditu mahai gainean udal talde subiranistak.

Rocio Vitero EH Bilduren Gasteizko alkategaiak adierazi du hiru ardatzetan oinarritu nahi dituela mugikortasuna eta espazio publikoaren erabilera: "Jasangarriak izan behar dute diseinuan eta garapenean, seguruak banaketan eta antolaketan, eta osasuntsuak haien gozamen eta erabileran".

Horrekin batera, Viterok uste du etorkizunean lau helburu nagusi bete behar dituela udalerriko mugikortasunak etorkizunean: "Pertsonentzako espazio publikoa berreskuratzea, emisio kutsagarriak murriztea, mugikortasun jasangarri eta seguru berri bat garatzea, eta, azkenik, Gasteiz mugikortasun eredu bihurtzea".

Mugikortasun ordenantza berria

Norabide horretan proposatutako neurrietako batzuk mugikortasun ordenantza berri baten bitartez onartzeko konpromisoa hartu du EH Bilduko alkategaiak: besteak beste, bizikletak eta patineteak espaloietatik galtzadara modu seguruan ateratzea, trafikoa baretzea Gasteiz 30 Hiria izendatuz, hierarkia modal bat ezartzea mugikortasun aktiboari, hiriaren desmotorizazioari eta espazio publikoa pertsonentzako berreskuratzeari lehentasuna emateko.

Bizikleta bultzatzea

Ildo horretan, bizikleta azpiegituretan eta ibilbide seguruetan inbertitzeko urte anitzeko plan bat proposatu du EH Bilduk, ordenantza beraren bidez bizikletak oinezkoentzako espazioetatik galtzadara segurtasunez atera ahal izateko. "Garraiobideen arteko bizikidetzari begira eta segurtasunaren ikuspuntutik, funtsezkoa da garraio bakoitzak bere espazio propioa eta bereizia izatea", aldarrikatu du Viterok.

Amancay Villalba egungo zinegotzi eta Gasteizko Udalerako EH Bilduren zerrendetako hirugarrena Viterorekin batera izan da agerraldian. Bertan, proposatu du bizikleta elektrikoak eta patineteak mailegatzeko sistema bat martxan jartzea. "Horrelako zerbitzurik ez duen Hego Euskal Herriko hiriburu bakarra gara. Aurreko saiakera batzuk gehiago zentratu dira bisitariengan eta ia elementu turistiko gisa", deitoratu du zinegotziak.

Industriaguneak

Bestalde, Viterok ziurtatu du alkate baldin bada Industriaguneetarako Mugikortasun Plana onartuko duela, "asmo handikoa" eta "mugikortasun publiko, jasangarri eta osasuntsuaren eskaintza" poligono eta lantoki nagusietara zabaltzean oinarrituko dena. Esparru horren barruan, hainbat neurri planteatu dituzte:

  • Tranbia Jundizeraino eramateko erakunde akordio bat sinatzea.
  • Garraio kolektiboaren eskaintza handitzea industriaguneetan: auzo-enpresa autobusak, express autobusak puntako orduetan, anezkak tranbiarekin eta BEIrekin intermodaletan...
  • BAT Langile txartela sortzea, laneko joan-etorriei hobariak emateko.

Eskaintza indartzea

Era berean, EH Bilduk garraio publikoaren eskaintza indartzea proposatu du, Tuvisa sarean, BEIn eta tranbian neurri berriak bultzatuz:

  • Tuvisa: ordutegia 23:00ak arte luzatzea aztertzea, eta Tuvisaren lineak berrantolatzea tranbia Salburuara iritsi ondoren, Zabalgana- Sansomendiko lineak indartzeko.
  • Tranbia: Gautxori zerbitzua jartzeko akordio instituzionala bultzatzea.
  • Garraio publikoa elektrifikatzeko urte anitzeko plana, 2030erako autobus zerbitzua erabat elektrifikatzeko.

Espazio seguruak

Azkenik, EH Bilduk espazio publikoa hobetzeko beharra defendatu dute, Gasteizko kaleak ireki programaren bidez, espaloiak eta oinezkoentzako zein bizikletentzako espazio segurua hobetzea eta handitzea proposatuz. Besteak beste, Frantzia eta Bakea kaleetan esku-hartze integral, Gasteiz Etorbideko bidegorrien integrazioa hobetzea eta Alde Zaharra oinezkoentzat izateko plana aurreikusi dituzte neurrien artean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago