Haurren irakurzaletasuna eta aitatasun eredu berriak, Ignacio Aldecoa Kultura Etxean

Erredakzioa 2023ko api. 12a, 12:00

Ritxar Baceteren 'Aita' liburu ilustratuaren azala. / Argazkia: Ignacio Aldecoa Kultur Etxea

Euskarazko bi lantegi eskainiko ditu Kultura Etxeak apirilean: hilaren 19an, album ilustratuak ongi irakurtzeko tailerra; eta 21ean, Ritxar Bacete antropologoaren Aita liburu ilustratuaren aurkezpena.

Ignacio Aldecoa Kultura Etxeak euskarazko ekitaldien eskaintza indartzeko apustua egin du 2023ra begira, eta horietan parte hartzeko deia luzatu diete arabar guztiei. Urteko lehen hiruhilekoan izandako arrakastaren ostean, apirilean ere euskarazko beste bi lantegi eskainiko dituzte; kasu honetan, haurren irakurzaletasuna eta aitatasun eredu berriak lantzeko.

Beti bezala, izen-emateak Ignacio Aldecoa Kultura Etxeko Haur eta Gazte Sailean, ccuinfantil@araba.eus helbide elektronikoan edo Ignacio Aldecoa Kultura Etxearen webgunean egin beharko dira.

Album ilustratuak ongi irakurtzeko tailerra

Carmen Elvira pedagogo, haur literaturan aditu eta Pamiela-Kalandraka proiektuaren arduradunaren eskutik, haurrak irakurzaletasunera erakartzeko eta haien sormena, pentsamendu kritikoa eta sentsibilitatea bultzatzeko lantegi bat izango da, apirilaren 19an, 18:00etan Ignacio Aldecoa Kultura Etxeko 2. aretoan. Plazak mugatuak izango dira, eta parte hartzeko izena eman beharko da. Pamiela-Kalandraka proiektuaren bidez album ilustratuaren ezaugarriak lantzeko pertsona helduei zuzenduriko tailerra da.

Aita liburuaren aurkezpena

Apirilaren 21ean, berriz, Ritxar Bacete antropologo eta gizarte langilearen Aita lanaren aurkezpena izango da, 12:00etan Kultura Etxeko Haur eta Gazte Sailean; euskarazko edizioaren itzultzailea Mario Unamuno da. Liburu ilustratu ikusgarri honetan 25 istorio labur biltzen dira, beste hainbeste aiten bizi-xehetasunetan oinarrituta. Gizon horien lagun, aitatasun eredu eta molde berriak ezagutu ahalko ditugu; parte-hartzaile, hunkigarri, zaintzaile, bakezko eta presenteagoak diren aitak. Sarrera librea edukiera bete arte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago