Natura hizkiz hizki erakusketa berriarekin bueltan da Zirika, Miguel Alfredo Hernandez Busto (Gasteiz, 1960). Oraingoan, Gasteizko Costa Rica kaleko 6. zenbakian kokatutako ¶Espazioa arte galerian jarriko du ikusgai bere azken obra. Birziklatutako zurezko ehunka letra naturan zehar sakabanatu dituen instalazioa da, eta, orain, hainbat bideoren bitartez laburbildu du egindakoa, jendaurrean erakusteko.
Zirikak arterako "orri zuri gisa" baliatu nahi izan du natura, urteetan garatutako obraren ildo beretik. "Hizkiak, elkarrizketak iradokitzen dituzten hitzak. Istorioak, agian enborraren barrutik, errekatxo baten jaiotzatik, itsasoko olatuetatik, arroketatik, hazeetatik... sortzen diren poemak. Naturak berak, bertan sartutako elementuekin elkarreraginean, erritmoa, metrika, errima... lortzen ditu", azaldu du artista gasteiztarrak.
Horrela, letraz letra eta irudiz irudi, hainbat bideo aurkeztuko ditu erakusketak, ikusleak "gogoeta egitera" gonbidatuz. Besteak beste, natura bera, klima, gerra, gure barrua eta erantzunen bilaketa dira hausnarketaren ardatzetako batzuk. "Beste bizi erritmo bat posible da, komenigarria da", aldarrikatu du Hernandezek.
Erakusketaren inaugurazioa ostiral honetan izango da, apirilaren 14an, 20:00etan ¶Espazioa aretoan. Eta bertan bisitatu ahal izango da maiatzaren 12ra arte, lanegunetan, 17:00etatik 19:00etara.