Ustezko bortxaketa bat ikertzen ari dira Gasteizen

Erredakzioa 2023ko api. 11a, 17:00

Momentuz, Segurtasun Sailak ez du ikerketa baieztatu. / Argazkia: IREKIA

Igande goizaldean salatutako bortxaketa bat ikertzen ari da Ertzaintza, eta bi susmagarriren bila dago. Ustez, jai giroan etxebizitza batera joateko iruzur egin eta bertan sexu erasoa egin zioten biktimari.

El Correo egunkariak —polizia iturriak aipatuz— astearte honetan argitaratu duenez, Ertzaintza bi susmagarriren bila ari da, Gasteizko etxebizitza batean neska bat bortxatzea egotzita. Komunikabide horren arabera, jai giroan ezagutu zuten elkar larunbat gauean, apirilaren 8an; ustez, erasotzaileek iruzur egin zioten biktimari etxebizitza batera joateko eta bertan sexu erasoa egiteko.

Biktimak aurkeztutako salaketaren arabera, behin baino gehiagotan bi gizonezkoekin harreman intimorik izateari uko egin zion arren, biekin harreman sexualak izatera behartu zuten.

Etxebizitzatik ateratzea lortu zuenean, emakumeak gertatutakoa jakinarazi zion Ertzaintzari. El Correoren arabera, igandeaz geroztik Ertzaintzaren unitate espezializatu bat bi susmagarrien bila ari da, sexu erasoaren delitu bat egotzita.

Hainbat hedabidek Segurtasun Sailari galdetu diote gertakariei buruz, baina oraingoz ez dago ikerketari buruzko baieztapen ofizialik.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago