Joan den larunbatean, apirilaren 8an, Udaltzaingoak 50 urteko gizon bat atxilotu zuen, genero indarkeria eta sexu eraso jarraituen delitu baten ustezko egilea zelakoan. 16:00ak aldera, Adurtza auzoko etxebizitza batean emakume bat arriskuan egon zitekeela jakinarazi zieten udaltzainei, eta patruila bat bertaratu zen, emakumearekin eta haren bikotekidearekin hitz egiteko.
Biktimak ageriko lesioak zituen, eta udaltzainei azaldu zien etengabe irainak eta eraso fisikoak zein sexualak jasaten zituela, eta goiz hartan bertan ere eraso egin ziola. Hori guztia ikusita, udaltzainek gizonezkoa atxilotzea erabaki zuten. Bitartean, ustezko erasotzaileak emazteari garrasi egin zion, baita hiltzearekin mehatxatu ere.
Emakumea ospitalera lagundu zioten udaltzainek. Atxilotua, berriz, epailearen aurrera eraman zuten igandean; epaileak behin-behineko espetxeratzea agindu zuen.
Beste bi atxiloketa
Bestalde, astelehenean 32 urteko beste gizon bat atxilotu dute Arriaga-Lakuako taberna batean emakume bati sexu erasoa egiteagatik. Ustez, auzoko ostalaritza establezimendu bateko terrazan zegoen emakumeari masailean musu eman eta bularra ukitu zion gizonezkoak. Biktimaren bikotekideak egindakoa aurpegiratu zion, eta erasotzaileak alde egin zuen. Handik gutxira, atera zioten argazki bati esker, udaltzainek Bartzelona kalean topatu zuten. Astearte honetan eraman dute epailearen aurrera.
Aurreko biak ez dira izan Aste Santuan zehar indarkeria matxistarekin lotutako atxiloketa bakarrak. Izan ere, Ostegun Santu egunean, apirilaren 6an, Udaltzaingoak 33 urteko beste gizonezko bat atxilotu zuen San Kristobal auzoko etxebizitza batean, bere bikotekidearen eta haren semearen aurkako eraso delitu baten ustezko egilea zelakoan.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.