Katixa Agirre, Iban Zaldua eta Miren Narbaiza, Liburuaren Egunaren atarian

Erredakzioa 2023ko api. 11a, 12:00

Guztira zazpi jarduera izango dira, bederatzi sortzaileren eskutik. / Argazkiak: Gasteizko Udala

Euskal sortzaileez gain, besteak beste, Luz Gabas, Eva Garcia Saenz de Urturi eta Miguelanxo Prado izango dira Gasteizen apirilaren 12tik 24ra bitartean, Liburuaren Egunaren bueltan Udalak antolatutako programazioaren barruan.

Apirilaren 23an Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzen da. Aurten bederatzi jarduera antolatu ditu Gasteizko Udal Liburutegi Sareak, hilaren 12tik 24ra bitartean, Europa Biltzar Jauregian eta Goiuri Jauregian. Gasteizko, Euskal Herriko eta Espainiako estatu mailan ospe handia duten idazleak izango dira programazioaren protagonistak, Liburu Egunak izenburupean. Jarduera guztietarako sarrera librea izango da, edukiera bete arte.

Eva Garcia Saenz de Urturi idazle gasteiztarrak esklusiban aurkeztuko du El Ángel de la Ciudad, bere azken eleberria, La Ciudad Blanca trilogia arrakastatsuaren jarraipena eta aurten argitaratzekoak diren liburuen artean jarraitzaile gehien duenetako bat. Horretarako Joseba Fiestras kazetariaren kolaborazioa izango du apirilaren 12an, asteazkenean, 19:00etan Europa Jauregian.

Horrez gain, Luz Gabas idazlea Gasteizen izango da 2022ko Planeta Saria ekarri dion bere azken eleberria, Lejos de Luisiana, aurkezteko. Itziar Perez de Argomaniz kazetaria arduratuko da bigarren ekitaldi hori zuzentzeaz, apirilaren 13an, ostegunean, 19:00etan Goiuri Jauregian.

Hirugarren txandatik aurrera, euskarak protagonismoa irabaziko du. Hilaren 14an, ostiralean, Katixa Agirre izango da Goiuri Jauregian, 19:00etatik aurrera, Aitziber Perez de Karkamo komunikatzailearekin solasean, Idazlea psikoanalizatzen. Dibaneko solasaldia izenburupean. Bi emakumeen elkarrizketaren bitartez, idazlearen bizipenak, fobiak eta filiak partekatuko dituzte.

Apirilaren 16an, igandean, familia osoarentzako euskarazko ikuskizun bat eskainiko du Naita Produkzioak euskal konpainiak, 18:30ean Goiuri Jauregian. Partaidetza sustatzen duen Kontukontzertua ikuskizunak abestiak eta istorioak nahasten ditu.

Bestalde, Iban Zalduak eta Miren Narbaizak zuzeneko musika oinarri duen errezitaldia eskainiko dute apirilaren 18an, 19:00etan Goiuri Jauregian. Ipuina engainua da Zalduaren azken liburuko pasarteak musikarekin elkartuko dituzte bertan.

Miguelanxo Prado komikigilea ere Gasteizen izango da, eleberri grafiko bat argitaratzeko sorkuntza prozesuaren inguruan hitz egiteko, Azucena Monge komikien ikerlari eta adituarekin batera. Hitzordu hori hilaren 20an, ostegunean, Goiuri Jauregian izango da, 19:00etan.

Egitaraua borobiltzeko, Llum Saumellek Las Invisibles liburua aurkeztuko du apirilaren 24an, astelehenean, 19:00etatik aurrera Goiuri Jauregian. Irakurketa Erraza egitasmoko liburuaren helburua emakumeek historian egindako ekarpena bistaratzea da, eta hitzordura bertaratzen direnek tailer batean parte hartzeko aukera izango dute. Saumellekin batera izango dira Amalia Andres Kortazar psikologoa (Apdema), Natalia Jimenez (Irakurketa Errazeko kluben dinamizatzailea Araban) eta Amaia Gorostizaga Leguey (Lectura Fácil Euskadi elkarteko kidea).

EGITARAUA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago