Jatetxeetako janari hondarrak gutxitzeko kanpaina abiatu du Gasteizek

Erredakzioa 2023ko api. 5a, 15:08

8.400 tuper banatuko dituzte Gasteizen. / Gasteizko Udala

Jatetxeetan tuperraren erabilera sustatu nahi dute sobera geratutako janaria etxera eraman eta hondarrak gutxitzeko.

Elikagaiak alferrik galtzea gutxitzea eta prebentzioaren inguruko sentsibilizazioa bultzatzea. Helburu horrekin Osasun Publikoko Zerbitzuak tuperrak banatuko ditu Gasteizko 165 establezimenduren artean, 8.400 guztira. Horrekin batera, Xahuketarik ez udal gidaren ale bat eta saileko zinegotzi Livia Lopezek idatzitako azalpen gutuna jasoko dute.

Banatuko diren ontziak PLA izeneko material konpostagarriarekin eta biodegradagarriarekin eginda daude, eta horiek fabrikatzeko azido polilaktikoa erabiltzen da. Material hori plastiko tradizionalaren aurrean hedatutako alternatiba da, eta erregai fosilekin egindako plastikoek uzten duten karbono-aztarna gutxitzeko aukera bihurtu da. "Kanpaina honekin platerean janaria geratzen zaigunean, tuperra eskatzera eta eskaintzera ohitu nahi dugu. Horren bidez, elikagai-hondakinak gutxitzen eta Nazio Batuen 2030eko Agendako Garapen Helburuak betetzen laguntzen ariko gara", azaldu du Osasun saileko zinegotziak. "Beharrezkoa da egunero zaborretara botatzen dugun janari kantitatea gutxitzea, horrek dituen ingurumen, ekonomia, gizarte eta etika ondorioengatik". 

Nazio Batuen (NB) erakundearen 2030eko Agendak, kontsumo eta ekoizpen jasangarriari buruzko Garapen Jasangarriko 12. Helburuan (GJH), 2030erako helburu espezifiko gisa planteatzen du honako hau: "Txikizkako salmentan eta kontsumitzaile mailan, elikagaien hondakinak erdira gutxitzea mundu mailako per capita datuari dagokionez, eta ekoizpeneko eta hornikuntzako kateetan elikagai-galerak gutxitzea".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago