2018an, Gasteizko udal gobernuak (EAJ-PSE) "nahierara" izendatu zuen udaltzainburu Roberto Garcia Tobalina, Jose Antonio Vichoren ostean, "emakume langile bat genero arrazoiengatik diskriminatuz". Izan ere, orduan ofizialorde kategoria zuen, eta hori ez zen nahikoa lanposturako; bitartean, emakume azpi-komisario batek lanposturako baldintzak betetzen zituen. 2022ko apirilaren 1ean, Garcia Tobalina ofizial kategoria lortu zuen, eta egun horretan udaltzainburu izendatu zuten berriz ere; oraingoan bai, gutxieneko maila administratiboarekin.
Udaltzainburuaren izendapena "erabat irregularra" izan zela ondorioztatu du Gasteizko Administrazio Auzietarako lehen Epaitegiak, eta atzera bota du. Oraingoz, Udalak aurreratu du epaiaren aurkako errekurtsoa aurkeztuko duela EAEko Auzitegi Nagusian.
Salaketaren atzean dagoen ELA sindikatuak jakitera eman duenez, diskriminatutako langileari orain arte zegozkion ordainsari guztiak ordaindu beharko dizkio Udalak, lanpostua hornitzeko prozesuan parte hartzeko eskubidea onartzeaz gain. Epaiaren arabera, gainera, Urtaran alkatearen gobernu taldeak "aginte desbideratzea" eta "botere abusua" baliatu zituen izendapena egiteko.
Azken urteetan, Gasteizko Udaltzaingoaren buruaren lanpostua barne prozesuan zerbitzu eginkizunetan bete izan da, deialdi publiko baten bidez. Horrela, karrera profesionala kontuan hartuta, aginte katean gora egin ahal izan dute udaltzainek, erakundearen barruan hainbat lanpostutan lan egin ondoren.
"Aurreko sistema jarraitu izan balitz, azpi-komisario gisa lan egiten zuen emakume batek bakarrik betetzen zuen udaltzainburu izateko baldintzak", azaldu du ELAk; eta epaitegiak arrazoia eman dio. "Baina, formula berri honekin, emakumeak baino kategoria baxuagoa zuen gizon bat izendatu zuen Udalak. Gainera, lanpostu hori betetzeko Udalak egindako aldaketa ontzat emanda ere, deialdi publiko bat egin behar zen, eta ez zuen egin", azaldu du sindikatuak.
"Genero diskriminazioa"
Beraz, lanpostua "aldebakarrez" esleitu zuen Udalak, eta emakume azpi-komisarioak ezin izan zuen prozesuan parte hartu ere egin. Horren aurrean, ELA sindikatuaren zerbitzu juridikoen bitartez epaitegietara jo zuen.
Orain, epaiak argi utzi du: "Errekurtsoa aintzat hartu behar da genero diskriminazioa eta berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak ez direlako betetzen. Izan ere, Gasteizko Udaltzaingoan komisario lanpostua betetzeko baldintzak betetzen zituen pertsona bakarraren (emakumea) karrera profesionala kaltetu zen, eta boterea desbideratzea dakarten administrazio jarduketen segida baten bidez gauzatu zen".
Hortaz, egungo udaltzainburuaren izendapena bertan behera uztea erabaki du epaileak, eta lanposturako deialdia "gardentasunez" atera behar dela esan. Era berean, ebatzi du kaltetutako langileari azken urte osoan zehar (2022ko apirilaren 1etik) ordainduko zaizkiola udaltzainburu gisa legozkiokeen soldatak eta osagarriak, lehiaketa ebatzi arte.
Udaltzaingoa, "maskulinizatuta"
ELA sindikatuarentzat "oso larria" da gertatutakoa, eta udal gobernuaren gain jarri du ardura. "Udaltzaingoa bezain maskulinizatuta dagoen instituzio baten barruan, izendapen libre eta erregularizatu gabekoak emakumeen kalterako izan ohi dira, kasu honetan argi geratu den moduan. Horrelako praktikak ez dira onargarriak lan munduan, eta are gutxiago administrazioaren partetik", salatu dute.
Horregatik, "puntu moreaz harago doazen parekidetasunaren aldeko politika eta neurri eraginkorrak" martxan jar ditzatela exijitu die ELAk administrazioei. Azkenik, enpresek eta, batez ere, administrazio publikoek emakumeen aurka eragiten dituzten diskriminazio egoerak "tinko" salatzen jarraituko duela ohartarazi du sindikatuak, "administrazio publiko justu eta parekideago bat lortzeko".