Amaitu da Eragiteko janzten jardunaldien III. edizioa. Joxe Rojas Tokikom toki komunikabideen taldeko komunikazio eta IKT arduradunak eta Josu Amezaga EHUko Gizarte Komunikazio Zientzietako Fakultateko irakasle eta NOR ikerketa taldeko kideak parte hartu zuten laugarren eta azken saioan, martxoaren 28an, Aritz Martinez de Luna Arabako ALEAko zuzendariak dinamizatuta: Euskara eremu digitalean: erabilera eta tendentziak.
Azken urteotan ohiko agertoki bilakatu zaigu ingurune digitala. Euskarri, plataforma, kanal eta teknologia berri horiek guztiak dagoeneko ez dira horren berri eta gure artean duten tokia egunez egun zabalagoa da gainera. Zein da gurpil zoro horren eragina? Lan eremu, informazio iturri eta aisialdi gune berrien kokalekua izanik, halabeharrez, gizartean eta norbanakoen kontsumo ohituretan eragina dute, eta, euskarari dagokionez, lehiarako fronte berri bat du parez-pare euskalgintzak.
Nola erabiltzen ditugu teknologia hauek? Zein da gure hizkuntzaren presentzia sarean? Eta non pairatzen ditugu gabeziak? Posible izango du euskalgintzak komunitate propioak eraikitzea eta, teknologiak eskaintzen dituen aukerak baliatuta, merkatuko munstroen jarraibideetatik ihes egitea?
Eragiteko janzten jardunaldiak
Otsailean eta martxoan zehar antolatu da Eragiteko janzten aurtengo edizioa, hirugarrenez, Arabagara, GEU elkartea, Lazarraga, ALEA eta Euskaltzaleen Topagunearen ekimenez. 2021ean jarri zuten hazia, eta, 2022an eragiten jarraitzeko asmoa berretsi ostean, aurten ere itzuli egin dira jardunaldiak. Gasteizko euskaltzaleen gogoetarako gune eta une bat da, esperientziak partekatu eta aberasten jarraitzeko.