Apirilean Mugan, Dead Sequoia eta Mocker's izango dira Parralen

Erredakzioa 2023ko api. 4a, 17:00

Mugan, Dead Sequoia eta Mocker's taldeak. / ALEA

Hilaren 4an, 18an eta 25ean, 20:30ean, Mugan seikote donostiarraren folk-pop-rocka, Dead Sequoia gasteiztarren garage punka eta Durangoko Mocker's taldearen rock psikodelikoa entzun ahal izango da Parral tabernako oholtza gainean.

Apirilean ere bueltan dira Parraleko astearte musikalak. Oraingoan, hiru talde izango dira San Frantzisko kantoiko tabernako agertokian, hilaren 4an, 18an eta 25ean. Hori bai, Aste Santuko asteartean, hilaren 11n, ez da emanaldirik izango.

Apirilak 4 - Mugan

Asteazken honetan, 20:30ean, Mugan seikote donostiarrak irekiko du apirileko programazioa. Folk eta pop-rock musika uztartzen duten gazte hauek 2017an sortu zuten taldea, eta 2019an hasi ziren lehen kontzertuekin, baina 2020an pandemiak ezarritako bizimodu berriaren ondorioz, urtebeteko etenaldia egin behar izan zuten kontzertuei dagokienez. Hala ere, Udabiberri (2020) aurkezpen kantu argitaratzeko aukera izan zuten. Kutxa Kultur Musikaren atea jo eta bertan hautatuak izatea lortu zuten; ondorioz, taldea berpiztu eta proiektua indartzen hasi ziren.

Ondoren, Kalean (2021) eta Pangea (2021) argitaratzeaz gain, hainbat kontzertu eman zituzten Euskal Herrian zehar, beste talde batzuekin kolaboratzeaz gain. Gaur egun, taldeak bere lehen lan luzea aurkeztu berri du: Bizirik Ez Bagaude (2022). "Sentitzeko beharraren aldarrikapen bat da. Norberaren egia eta kanpokoaren arteko talkak sortzen duenaren inguruko hausnarketa", azaldu dute. Oholtza gainean lan berria aurkezteko unea dute orain.

 

Apirilak 18 - Dead Sequoia

Dead Sequoia taldea 2016an sortu zen Gasteizen, hiri erdialdean dagoen sequoia lehorrari omenaldi gisa izena aukeratuz. The Sonics, Los Bengala, Wau y los Arrrghs, The King Khan, The Jon Spencer Blues Explosion, The Morlocks eta The Mystery Lights bezalako erreferentziekin, garage soinu zikina, punk jarrera eta surf alaia nahasten dituzte. Agertokian egotea da gehien gustatzen zaiena, beraien erritmo dantzagarriekin eta riff basatiekin ez baitituzte entzuleak geldirik utziko. Kanten hitzetan umorea da nagusi, taldekideen egunerokotasunean oinarrituta.

2018an, Bailando solo izeneko single bikoitza argitaratu zuten, eta Xabi Vitoriaren bideoklip batekin aurkeztu. 2019an, berriz, zortzi kantako Dead Sequoia EPa grabatu zuten Martin Gebararen eskutik, Bilboko Silver Recordings estudioetan; urteko 50 disko onenen artean hautatu zuen Zarata-Mondo Sonorok. Fuzz, lisergia, psikodelia, punka eta energia tonak eramango dituzte Parraleko agertokira, hilaren 18an.

 

Apirilak 25 - Mocker's

Hileko programazioa borobiltzeko, hilaren 25ean, Durangotik iritsiko da Mocker's taldea, 2010. urtean sortutako hirukotea. Musikalki hard psikodelikoa eta rock alternatiboa jorratzen dute: riff pisutsuak, atmosfera progresibo-espazialak eta melodia handiko ahotsetan oinarritutako proposamena, izatearen mundu kontraesankor baina ziragarrian murgiltzeko helburu duena. Estudioko hiru lan luze kaleratu ostean, oraingoan Argi egin EP berria aurkeztuko dute Parralen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago