49 urteko gizon bat atxilotu dute semea labankadaz zauritzeagatik

Erredakzioa 2023ko api. 4a, 13:00

Ertzaintzaren miaketa bat, albistearekin zerikusirik gabe. / Argazkia: IREKIA

Ustez, eztabaida batean erdian aitak arma zuri batekin eraso egin zion seme adingabeari. Biktima ospitalera eraman behar izan zuten, baina arriskutik kanpo dago.

Igandeko 17:00ak aldera, norbanako batek Larrialdi Zerbitzuei jakinarazi zien Gasteizko etxebizitza batean aita eta seme baten arteko eztabaida bat gertatu zela, eta azken horrek osasun laguntza behar zuela. Ertzaintza eta Osakidetzako baliabideak bertaratu zirenean, biktimak ustez labana batekin eragindako saihets-zauria zuela baieztatu zuten.

Adin txikiko semea Txagorritxu ospitalera joan zen senideekin batera. Bitartean, beharrezko informazioa jaso eta gero, ertzainek egiaztatu zuten ustezko erasotzailea, 49 urteko aita, gertakarien etxebizitzan zegoela. Negoziazio labur baten ostean, bertan atxilotu egin zuten, arma zuriz egindako lesio larrien ustezko delitu bat egotzita, etxeko indarkeriaren esparruan.

Atxilotua ere ospitalera eraman behar izan zuten, medikamentu gehiegi hartu zituela egiaztatu ostean. Une honetan, epailearen esku uzteko zain daude. Biktimak, berriz, ospitalean jarraitzen du, arriskutik kanpo.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago