Bueltan da iCOFF film laburren jaialdia

Erredakzioa 2023ko api. 4a, 12:00
iCOFF film laburren jaialdiaren aurkezpena. / Argazkia: Vital Fundazioa

Apirilaren 17tik 22ra, munduko film labur onenak Gasteizera hurbilduko ditu berriz ere iCOFF jaialdiak. Bigarren edizioak dokumental, animazio eta fikziozko 44 lan eskainiko ditu Vital Fundazioa Kulturunean.

Sei egunez, Gasteiz zinemaren hiriburu bihurtuko da berriz ere, iCOFF Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren II. edizioari esker. Apirilaren 17tik 22ra, Sonia Pacios eta Kepa Sojo zinemagile eta kulturgile arabarren zuzendaritzapean, Vital Fundazioaren eskutik eta Gasteizko Udalaren zein Arabako Diputazioaren babesarekin.

Bigarrenez, Espainiako Estatuko film laburren lehiaketa bat eta munduko zinemaldi onenetan saritutako, izendatutako edo parte hartu duten lanen erakustaldia uztartuko ditu jaialdiak. Aurtengo edizioak 44 film labur eskainiko ditu: 30 sail ofizialean eta beste 14 Eusko-Araba atalean; guztira 1.127 lan aurkeztu ziren, 2022an baino 253 gehiago.

Epaimahai ofizialak hautatuko ditu lan saridunak, publikoaren sariaren kasuan izan ezik. Saritan 7.500 euro banatuko dituzte, eta horietako bat euskarazko film labur onenarentzat izango da.

Abonuak eta sarrerak dagoeneko eskuratu daitezke Vital Fundazioaren webgunean, baita fundazioaren egoitzan (Kordoi Etxean) ere: jardunaldi guztietarako abonuak, 15 eurotan; sarrera solteak sail ofizialerako zein amaiera galarako, 3 eurotan; eta sarrera solteak Eusko-Araba eta Nazioarteko ataletarako, 2 eurotan. Halaber, egun bakoitzeko emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik aurrera, leihatilan eskuratzeko aukera izango da ere.

Zapore arabarra eta aurpegi ezagunak

Antolatzaileek nabarmendutako lanen artean daude, besteak beste, Estibaliz Urresolaren Cuerdas, David Perez Sañudoren Artesanía, Maider Oleagaren Irrits, Sonia Estevezen Malkoak, Nerea Torrijosen Influencer, Velasco Brocaren Alegrías riojanas, Mikel Bustamanteren Lugar de nacimiento (zazpiak zigilu arabarreko lanak), Juanjo Gimenezen Mussol, Marta Nietoren Son, Natxo Leuzaren Why, Mabel Lozanoren Ava, Adan Aliagaren Hardcore, Diego Perezen El Kala edo Paco Ruizen Desviación típica. Zuzendari gehienak beren filmak aurkeztera hurbilduko dira jaialdira, eta proiekzioen ondorengo solasaldietan parte hartuko dute.

Aktoreei dagokienez, Espainiako zinemagintzaren aurpegi ezagunak izango dira, hala nola Luis Callejo, Paula Usero, Fernando Albizu, Ingrid Garcia-Jonsson, Luis Bermejo, David Lorente, Amaia Sagasti, Patricia Lopez Arnaiz, Kandido Uranga, Patxi Bisquert, Eneko Sagardoy, Zorion Egileor, Santiago Molero edo Mikel Bustamante bera.

Jarduera paraleloak

"Formatu txikiko zinemaren mundua Gasteizko biztanleei hurbiltzeko" bokazioarekin, proiekzioen ondorengo solasaldietan film laburren sortzaileek parte hartuko dute. Era berean, publiko guztientzako zein ikasleentzako hainbat jarduera antolatu dituzte asteazken, ostegun eta ostiralean, 11:00etatik aurrera Montehermoso Jauregiko Betolaza aretoan:

  • Apirilak 19, asteazkena: Topaketa Ivan Miñambresekin. Nolakoa da animaziozko film bat ekoizteko prozesua? Unicorn Wars filmaren case study baten bidez, ikus-entzunezko ekoizle eta epaimahai ofizialeko kideak animaziozko ikus-entzunezko proiektu baten faseak jorratuko ditu.
  • Apirilak 20, osteguna: (H)emen Euskadiko ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektoreko emakumeen elkartearen aurkezpena, Izaskun Arandia presidentearen hitzaldiarekin. Ondoren, Euskadiko Filmategiak argitaratutako Cineastas vascas liburuaren aurkezpenarekin osatuko da ekitaldia. Gure zinemagintzan funtsezkoak diren emakumeei buruzko saiakerak biltzen dituen lehenengo liburua da, eta Deustuko Unibertsitateko irakasle Maria Pilar Rodriguezek koordinatu du.
  • Apirilak 21, ostirala: Topaketa Manu Gomezekin. Zuzendari, gidoilari eta iCOFFeko epaimahai ofizialeko kidea sormen-prozesuaz eta zineman zein telebistan duen esperientziaz arituko da, bere lan nabarmenetako batzuekin.

EGITARAUA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide