Martxoaren amaieran, Etxebizitza Sindikatuak argitara atera zuen Prado kaleko bizilagun talde bat "argirik, erroldarik eta kontraturik gabe" dagoela, ordaintzen jarraitzen badute ere. Etxebizitzen alokairuan iruzur egiten zien talde kriminalaren desegitearen ostean, biktimen egoerak "okerrera" egin du.
Horren aurrean, joan den ostiralean, elkarretaratzea egin zuten sindikatuak eta Prado kaleko 4. zenbakiko bizilagunek, "etxejabeen inpunitatea borrokatzeko eta instituzioen rol konplizea seinalatzeko".
Martxoaren hasieran, Udaltzaingoak 37, 39 eta 40 urteko hiru pertsona atxilotu zituen Gasteizen, etxebizitzen alokairuan iruzur egiten zuen talde kriminal bateko kide izatea egotzita. Ustez, 30 pertsona inguru iruzurtu egin, hertsatu eta, zenbait kasutan, mehatxatu zituzten. Eta, besteak beste, kontraturik gabeko gelen azpierrentamenduan eta errolden faltsutzean aritzen ziren.
Ondoren, prentsaurreko batean, Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak eta Kontseilu Sozialistak ohartarazi zuten kaltetutako pertsonen egoerak "okerrera" egin duela polizia operazioaren ostean: "Kontraturik edo erroldarik gabe jarraitzen dute, etxegabetze mehatxupean, etxeetan pilatuta eta inolako etxebizitza alternatibarik gabe. Gainera, ostiraletik, argindarraren mozketa etengabeak jasaten ari dira, berrakuratzaileak kontratatutako tentsioa jaitsi baitu", azaldu dute.
Etxebizitza Sindikatuak "etxejabe eta errentatzaileak" seinalatu ditu egoeraren arduradun gisa: "Pertsona askoren egoera zaurgarria baliatzen dute irabaziak ateratzeko, legez kanpoko bideak erabiliz, mehatxu eta derrigortzeen bitartez, gela bakar batean pertsonak pilatuz, alokairuen baldintzak aldebakarrez aldatuz, espazioen pribatutasuna urratuz, hornidurak moztuz...". Gainera, ohartarazi dute egoera hori ez dela "inondik inora egoera isolatua".
Bestalde, "instituzio burgesen ardura" azpimarratu dute; kasu honetan, Gasteizko Udalarena: "Errolda eskuratzeko Udalak berak jartzen dituen zailtasunengatik, hainbat dira etxegabeen iruzur eta abusuen menpe bizi behar direnak. Gainera, sare kriminalaren biktimak babestu beharrean, lehen baino babesgabeago utzi ditu; etxebizitza alternatibarik ez eskaintzeaz gain, etorkizuneko abusuak eteten ere ez da saiatu".
Horren guztiaren aurrean, Etxebizitza Sindikatuk hainbat eskakizun plazaratu ditu: "Maizterren kontrako etxegabetze prozesu oro etetea, modu automatikoan eta baldintza gabekoan. Murriztutako hornidurak berehala berrezartzea. Eta kaltetutako pertsonentzako errolda".