Ehunka lagun NATOren aurka mobilizatu dira Gasteizen

Erredakzioa 2023ko api. 3a, 06:30

Ostiralean Baionan, eta larunbatean Gasteizen eta Iruñean. Tokian tokiko Kontseilu Sozialistek deituta, NATOren eta "gerra kapitalistaren" aurkako hiru manifestazio egin dituzte asteburu honetan Euskal Herrian.

"Azken hamarkadetan Europan izan den nolabaiteko bake egoeraren ondoren, gerra berriro ere presente dago gure egunerokoan", ohartarazi du Gasteizko Kontseilu Sozialistak. "Mendebaldeak Euromaidanaren bitartez bultzatu zuen estatu kolpeak, zeinari Donbasseko Herri Errepublikek bederatzi urtez aurre egin dioten; eta ondoren, NATOren hedapenari erantzunez Errusiako klase kapitalistak Ukrainan bultzatutako esku hartze militarrak gerra inperialista gure ateetaraino ekarri dute".

"Bertan, bai ala bai langile klasea izango da galtzaile, eta, batez ere, gerra eremuko proletariotza: ihes egiteko baldintza ekonomikorik gabe, lubakietara bultzatu edo etxetik indarrez kanporatu dituztenak. Kapitalismoa krisi betean dagoen une honetan, elite oligarkikoak milaka proletario heriotzera bultzatzen ari dira", salatu dute. Horren aurrean, "mendebaldeko oligarkiaren aparatu politiko-militartzat" jo dute Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea (NATO), eta bere estrategia "auzitan jartzetik urrun, Europako egitura politikoen integrazioa erabatekoa" dela salatu dute.

"Gerra eremuan ez ezik, gu ere ari gara jasaten Ukrainako gerraren ondorioak", ohartarazi dute. "Irabaziei eusteko helburuz, Europako oligarkiak gerraren kostu ekonomikoa langileriaren bizkar jartzeko politika multzo bat indartu du: interes tasen igoera, energiaren eta beste oinarrizko produktu askoren prezioen gorakada, zerbitzuen murrizketak… Banku handien, enpresa energetikoen edota multinazional handien irabaziak gora egiten ari diren bitartean, langileria pobretzen ari da etengabe".

Gerraren ondorio militar eta ekonomikoez harago, komunikabideen blokeoa edota "ikuspegi kritiko batetik informatzen duten pertsona eta eragileen jazarpena" salatu dute, besteak beste, Pablo Gonzalez kazetariaren kasua gogora ekarriz eta bere askatasuna aldarrikatuz; euskal kazetaria urtebete baino gehiago darama Polonian espetxeratua. "Gerrak langileon eskubide zibil eta politikoen galera dakar, eta estatuaren autoritarismoa indartzen du", kritikatu dute.

"Sozialdemokrazia agerian"

Bestalde, egungo testuinguruak Europako sozialdemokrazia "agerian" utzi duela uste du Kontseilu Sozialistak. "Espainiako Gobernuak aurrekontu militarra izugarri igo du 2023rako, inbestidurako blokearen babesarekin. Beren burua ezkerrekotzat duten alderdiek ere eskuinarekin batera NATOren agenda militarista onartu dute, tartean Unidas Podemosek eta EH Bilduk. Orain oinarri elektorala lasaitzeko gerraren aurkako posizio bat antzezten duten arren, une erabakigarrietan gerra bultzatzen ari dira eta horretan jarraituko dute".

"Nazioarteko eskalada belikoaren gorakadaren testuinguru honetan, premiazkoa da kapitalisten gerra salatu eta gure bloke inperialista zein bere buruzagitza militarra seinalatzea. Gerra inperialistari ez. NATOri eta haren lurralde hedapenari ez. Gerra ekonomikoari ez. Armen bidalketari ez. Aurrekontu militaristei ez. Bankariek eta enpresari handiek langileriaren aurka martxan abiarazi duten ofentsiba ekonomikoari ez. Komunikabideen eta kazetarien manipulazio eta zentsurari ez. Informaziorako eskubidea. Eskubide zibil eta politikoen murrizketari ez. Proletalgoaren kriminalizazioari ez. Komunismoaren ilegalizazioari ez. Nazismoaren aurpegi zuriketari ez, ez Ukrainan ezta beste inon ere", gaineratu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago