Presoak

Bi preso gasteiztarren gradu erregresioaren aurka mobilizatu dira

Erredakzioa 2023ko mar. 31a, 21:00

Roberto Lebrero eta Unai Lopez de Okariz presoak hirugarren graduaren erregresio arriskuan daude; une honetan, epaileen erabakiaren zain. Beren eskubideen aldeko mobilizazioak egin dituzte Gasteizen.

Dispertsio politikaren amaieratik egun gutxi batzuetara, euskal presoen kasuan indarrean jarraitzen duen salbuespenezko espetxe politikaren ondorioak agerian geratu dira berriz ere. Izan ere, une honetan hirugarren graduan bizi diren bi preso gasteiztar, Roberto Lebrero eta Unai Lopez de Okariz, gradu erregresio arriskuan daude.

Bi presoak 2001etik 2022ra arte espetxean izan ziren —2021etik Zaballako kartzelan—, baina iazko uztailetik hirugarren graduan daude. Erdi-askatasun erregimena lortu ondoren, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak bigarren gradura bueltatzeko errekurtsoa jarri zuen urte hasieran, eta epaileen erabakia une batetik bestera irits daiteke, hirugarren gradua mantenduz edo gradu erregresioa ezarriz. Azken kasu horretan, espetxera itzuli beharko lirateke biak.

Roberto Lebrero eta Unai Lopez de Okariz preso gasteiztarrak hirugarren graduan daude gaur egun.

 

Mobilizazioak eta jaialdi bat

Horren aurrean, Lebrero eta Lopez de Okarizen senide, lagun eta auzokideek, Sare Herritarrarekin eta Etxerat Elkartearekin batera, gradu erregresioaren aurka mobilizatzera deitu dute. Ostiral honetan, martxoaren 31n, bi zutabe abiatu dira 19:30ean Europa Jauregitik eta Judimendiko San Juan elizatik, Unai eta Roberto etxera! lelopean. 20:00etan, bi martxek bat egin dute Andre Maria Zuriaren plazan, hileko azken ostiralarekin batera Etxeratek antolatutako elkarretaratzean.

Mobilizazioez gain, Lebreroren auzokideek elkartasun jaialdi bat antolatu dute Judimendin. "Egun zaratatsua" izendatu duten egitarauaren barruan, aipatutako mobilizazioekin bat egingo dute, baita auzoko tabernetan kontzertuak eta pintxadak antolatu ere: 18:00etan, Iriko tabernan, Gorka Etxebarria musikariaren kontzertua izan da; mobilizazioen ostean, 20:30etik aurrera, DJ Malandro arituko da Rey Louis tabernan musika jartzen; jaialdia ixteko, 21:30etik aurrera, DJ Menda'k izango da Candela taberna girotzen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago