Zazpi atxilotu Gasteiz eta Burgosen, marihuana trafikoaren aurkako operazio batean

Erredakzioa 2023ko mar. 31a, 19:30

Ertzaintzak eta Guardia Zibilak atxilotutako zazpi lagunetatik lau Gasteizen atzeman dituzte. Besteak beste, hiru indoor plantazio, zazpi kilo marihuana, 1.200 landare, 400 gramo haxix eta 30.000 eurotik gora topatu dituzte operazioan.

Belarra Argiak izendatu dute Ertzaintzaren eta Guardia Zibilaren polizia operazio bateratua. Guztira, zazpi pertsona atxilotu dituzte: sei gizon eta emakume bat; lau Gasteizen eta beste hiru Burgoseko probintzian, Miranda Ebron eta Merindadeak eskualdeko herri batean.

Gasteizko 4. Instrukzio Epaitegiak zuzendutako "droga kontsumoaren eta trafikoaren aurkako" polizia-dispositiboan, guztira zazpi bat kilo marihuana, 400 bat gramo haxix, 30.000 eurotik gora eta doitasun-balantzak atzeman dituzte; eta hiru indoor plantazio topatu eta desegin dituzte.

Segurtasun Sailak azaldu duenez, polizia operazioa udan hasi zen, Ertzaintzaren Arabako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuak (SICTA) Gasteizen ustez substantzia sorgorgarriak, batez ere marihuana, banatzen eta saltzen aritzen ziren hainbat pertsona ikertzen hasi zenean.

"Susmagarriak zaintzen egindako lanaren ondorioz, ertzainek jakin zuten Miranda Ebron bizi ziren gizon bat eta emakume bat aldian behin Arabako hiriburura joaten zirela, eta beste bi gizonezkorekin harremanetan jarri eta kaxak eta bilgarriak ematen zizkietela, ustez marihuana zutenak", azaldu dute polizia oharrean. "Bi pertsona horiek eta beste bi arduratzen ziren gero substantzia hori Gasteizen txikizka saltzeaz. Kasu gehienetan, bezeroei euren etxean edo inguruan egiten zieten entrega, eta beste batzuetan, berriz, kalean bertan egiten zituzten transakzioak". Horrela, Ertzaintzak ondorioztatu zuen marihuana, ustez, Merindadeak eskualdeko hainbat herritatik zetorrela.

Beraz, martxoaren 21ean Ertzaintzaren eta Guardia Zibilaren operatibo bateratu bat jarri zuten martxan, ustez marihuana trafikorako sare horretan inplikatutako pertsona guztiak atxilotzeko: Arabako hiriburuan, 24 eta 36 urte bitarteko lau gizon atxilotu zituzten; biharamunean, Miranda Ebron, 44 urteko emakume bat eta 45 urteko gizon bat atxilotu zituzten; azkenik, hurrengo egunean, Merindadeak eskualdean 56 urteko beste gizon bat atxilotu zuten.

Ondoren, baimen judizialarekin bost etxe miatu zituzten: lau Gasteizen eta beste bat Miranda Ebron bat; horrekin batera, atxilotuek erabiltzen zituzten hainbat ibilgailu ere. Miaketa horietan, kaxa eta bilgarrietan banatuta zeuden zazpi bat kilo marihuana, ehun gramoko lau tabletatan banatuta zeuden 400 gramo haxix eta lau doitasun-balantza aurkitu zituzten, baita beste hainbat tresna eta material ere.

Merindadeak eskualdeko hiru herritako hiru eraikinetan, berriz, hiru indoor plantazio aurkitu zituzten: "Landareak hazteko eta garatzeko sistema guztiak zituzten, eta aldaxkak eta zutoinak ere moztuta eta lehortuta zeuden", dio polizia-oharrak.

Guztira, 1.200 landare baino gehiago zeuden plantazioetan, eta miaketetan, guztira, 32.000 euro inguru aurkitu zituzten. Atxilotu guztiak, polizia eginbideak amaitu ondoren, epaitegien eskuetan geratu ziren.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago