Martxoaren 2an, Ernai gazte erakunde independentistak hamar urte bete zituen. Handik hilabetera, Aste Santuan, apirilaren 6tik 9ra bitartean ospatuko du aurtengo Gazte Topagunea, Elorrion, Bizitzeko modu bat lelopean. Lau egunez "Euskal Herriko gazte independentisten topaleku" bihurtuko da herri bizkaitarra, baina zazpi lurraldetako gazteak motorrak berotzen ari dira dagoeneko, X. urtemuga ospatzearekin batera Topagunea prestatzeko.
Gasteizen ere, Ernaiko gazteek egun osoko jaialdi bat antolatu dute larunbat honetarako, apirilaren 1erako, Gasteiztik ari gara (dena aldatzen) lelopean, "egindako ibilbidea eta datorkiguna ospatzeko".
12:30ean hasiko da programazioa, Gasteizko Gaztetxean, gazte antolakundeko gaur egungo zein iraganeko militanteak batuko dituen X urtez Ernai hitzaldiarekin, Amaiur Arbe, Aitor Anda, Ane Zurutuza eta Unai Rodriguezen eskutik. Segituan, 14:00ak aldera, poteoarekin hasteko abiatuko dira Garraxi Tabernara, eta 15:00etan bazkaria egingo dute Auzolana Pilotalekuan. Bazkalostea planez beterik iritsiko da: 17:30ean, pilota ikuskizuna Auzolana Pilotalekuan bertan; 19:30etik aurrera, berriz, Apolo G's eta Bad Sound System taldeen kontzertuak Gasteizko Gaztetxean.
"Hamarkada honetan zehar, bizitzeko beste modu baten alde lerratzen garen milaka gazteren eskola izan da Ernai, askapen mugimenduan lehen urratsak emateko abiapuntua. Hamarkada oso bat Topagunera!", aldarrikatu zuen Ernaik duela egun batzuk egindako agerraldian.
Apirilak 1 | EGITARAUA
Gasteiztik ari gara dena aldatzen
Apirilaren 6tik 9ra | EGITARAUA
Gazte Topagunea 2023
ABESTIA
SPOT | Ernai X. Urteurrena