Bost urtez okupatuta egon ostean, Ertzaintzak 2011n desalojatu zuen Aiztogile kaleko 103. zenbakia, Kutxi 103 bezala ezaguna. Hamabi urte beranduago, gaurtik aurrera zabalik dago berriz ere Hala Bedi Tabernaren parean kokatutako eraikina, jarduera kulturalak egiteko gune balioaniztun gisa birgaituta.
2019an hasi ziren obrak, eta astelehen honetan inauguratu dute. Ekitaldian parte hartu dute Estibaliz Canto Kultura zinegotzi eta Santa Maria Katedralaren Fundazioaren presidenteordeak, Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalezek eta Jon Lasa Fundazioko zuzendariak.
Gune kultural berriak hiru solairu ditu, eta, besteak beste, hiriko ikastetxeei zein helduen kolektiboei zuzendutako Ibilbide historiko-artistikoak programa garatzeko baliatuko du Udal Hezkuntza Zerbitzuak. Programa horren barruan, Santa Maria Katedralera eta Argiaren Elizpera egindako bisitak eta Gasteizko tenplu enblematikoarekin lotutako tailerrak eskaintzen dituzte.
"Katedrala zaharberritzeko lanak sustatzeko eta dibulgatzeko jarduerak heziketa helburuekin koordinatzea da gure xedea. Gune berriari esker, jarduerak modu egokian garatu ahal izango dira", adierazi du Cantok. "Eskerrak eman nahiko nizkioke Santa Maria Katedrala Fundazioari Euskadiko bitxi artistiko garrantzitsuenetako baten garrantzia azpimarratzeko egindako ahalegin nekaezinagatik. Katedrala hirirako eta erdigune historikorako dinamizazio kulturalerako tresna gisa eta probintzia osoaren turismo arloko elementu eragile gisa kontsolidatu da".
Ekitaldi kulturalak hartu eta bisita gidatuentzako azpiegitura osatzeaz gain, Katedralaren Aterpetxeko jarduera osagarriak ere egingo dituzte Aiztogile 103 eraikinean: adibidez, Gazterock edo Zineleku gazteentzako udalekuak.