Indarkeria matxistaren aurkako flashmob bat dantzatu dute El Carmen ikastetxean

Giuliana Preciado Cuero 2023ko mar. 23a, 19:00

One Billion Rising kanpaina globalaren barruan, flashmob bat grabatuko dute El Carmen ikastetxeko ikasleek, Aranako Bizan zentroarekin, Salburuko zentro okupazionalarekin eta Lopez de Guereñu eskolarekin batera.

Ekitaldia 11:30ean hasi da, El Carmen HHI Helduentzako Hezkuntzako Ikastetxearen parean dagoen plazan, Santiago eta Judimendi hiribideak gurutzatzen diren puntuan. Aurten, Arana auzoko Bizan zentroko kideak izan dituzte bidelagun —dantzan eta manifestua irakurtzen—, eta Lopez de Gereñu eskolako zein Salburua zentro okupazionaleko ikasleek ere ikusle moduan parte hartu dute.

Ez da lehen aldia ekintza hau egiten dutela. Izan ere, 2016tik egin izan dute, Covid-19aren pandemia garaiko bi urteetan izan ezik. Iaz berreskuratu zuten egitasmoa, eta aurtengoa seigarren edizioa izan da. One Billion Rising emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako kanpaina globala da, eta munduko hainbat tokitan egiten da urtero, denek abesti berdina dantzatuz: Break the Chain.

"Urtero, egiturazkoa den biolentzia matxistaren aurka egin eta bere amaiera exijitzeko dantzatzen dugu. Halaber, emakume jaiotzeagatik munduko zonalde desberdinetan heldu zein umeek pairatzen dituzten erasoak ikusarazi eta salatu nahi ditugu", azaldu dute dantza egin aurretik irakurritako manifestuan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide