Hezkuntza prozesuan euskara bermatzea exijitu dute ehunka ikaslek

Erredakzioa 2023ko mar. 23a, 18:00

Hezkuntza euskaraz izango da! lelopean, milaka ikasle mobilizatu dira gaur Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Gasteizen ere ehunka lagun bildu dira manifestazioan, hezkuntza prozesua euskaraz egiteko aukera bermatu dadila eskatzeko.

Gazte Euskaltzaleen Sareak, unibertsitateko euskara taldeek eta Ikama ikasle antolakundeak deituta, eta euskalgintzako eragile nagusien atxikimenduarekin, Gasteizko ikasleek ere bat egin dute ostegun honetan Bilbon, Donostian eta Iruñean hezkuntza euskaldun baten alde deitutako mobilizazioekin. Arabako hiriburuko manifestazioaren kasuan, 12:00etan hasi da EHUko Campuseko Elurretatik.

Manifestazioaren amaierako ekitaldian, kezkatuta agertu dira "gure hizkuntzaren egoerarekin, euskaraz bizi nahi dugunon egoerarekin, euskararen aurka hartutako erabaki judizialekin eta euskarak pantailetan duen presentzia murritzarekin". Baina, bereziki, euskaraz ikasteko eskubidea "behin eta berriz urratzen" ari dela salatu dute.

"Euskaraz bizi nahi dugunon aurkako oldarraldi politikoak, juridikoak eta mediatikoak ez du etenik. Gure belaunaldiak gainditutzat zituen diskurtso eta jarrera euskarafoboekin bizi gara egunero. Euskara ez da aurrera joango, aurrera eraman behar da, eraman behar dugu; guk, guztiok", adierazi dute.

Horren guztiaren aurrean, lau eskakizun nagusi mahaigaineratu dituzte "hezkuntza prozesua euskalduna" izan dadin: irakasle eta langile euskaldunen kontratazioa %100ean bermatzea; erabiltzen diren eduki guztiak euskaratuta egotea; hezkuntza eremu linguistikoa osotasunean euskalduna izatea; eta, funtsean, Euskal Herrira egokitutako "hezkuntza sistema propioa" izatea.

"Hezkuntza euskaraz izan behar da, eta izango da", aldarrikatu dute. Eta horretarako, "herri aktibaziorako eta instituzio eta agintariek ardura hartzeko" dei egin dute, baita "euskara aurrera eramateko hizkuntza politika eraginkorrak" exijitu ere. "Guztion artean lortuko dugu iraganeko hizkuntza bihurtu nahi duten hori etorkizunekoa izatea".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide