Vital Fundazioaren Genero Berdintasuna zikloak Ane Gebara eta Josune Velez de Mendizabal aktore gasteiztarrek osatutako Les Bobé Bobé konpainiaren (H)ondoko gela euskarazko antzezlanarekin agurtuko du martxoa. Martxoaren 31n izango da, ostiralean, 19:30ean Vital Fundazioa Kulturunean, Dendaraba merkataritza gunean. Sarreraren prezioa 3 eurokoa izango da.
2022ko ekainean estreinatutako antzezlan honetan, Jason Guerraren zuzendaritzapean, Les Bobé Bobé taldeak zinema beltzean oinarritutako thriller psikodeliko bat eskaintzen du, kontsumitzen eta inkontzienteki hartzen ditugun genero rolei buruz barre egiteko: "Thrillerretan rol maskulinoak zein femeninoak beste genero zinematografiko batzuetan baino are markatuago daude eta", azaldu dute obraren egileek.
Ezohiko heriotza bat ikertu behar duten bi detektibe oso bereziren paperean arituko dira Velez de Mendizabal eta Gebara, baita bigarren mailako beste zenbait roletan ere; detektibeetako batek titulua atera berri du, eta bestea askoz beteranoagoa da. Korapilatutako krimena ebazten saiatuko dira bi emakumeak, eta umore beltza eta absurdoa izango da gaiari buruzko kritika eta hausnarketa egiteko erabiliko duten euskarria.
Ikerketa egiten ari diren gela nagusiaren ondoan "beste" gela bat dago, eta gizon trabesti baten hilotza dago bertan. Protagonistek bi gelak bereizten dituen atearen orpoa zeharkatzen dutenean, ohiko susmagarriak agertuko dira, hildakoaz nahiz bertan gertatzen diren gauzez hitz egingo duten ustezko lekuko eta espektroak: fenomeno paranormalak, espazio-denborazko bidaiak, pertsonaien genero aldaketa etengabeak eta errealitate paraleloetarako sarbideak. Dena are gehiago nahastuko da protagonistak terapeuta batengana jotzea erabakitzen duenean, lehenengo kasua ebazteko obsesioaren ondorioak arintzen saiatzeko; izan ere, aurkituko dituen pertsona guztiek biktimaren gorputz eta aurpegi bera dute.
"Nork bere burua onartzea eta kontsumitzen ditugun fikzioetatik kopiatzen ditugun rolei buruzko hausnarketa" dira antzezlanaren ardatzak. "Rol horietako batzuekin identifikatzen gara, eta, azkenean, geuretzat hartzen ditugu eta etengabe azpimarratzen dira arketipo maskulinoak eta femeninoak".