Bueltan da Komedialdia, bere hirugarren edizioarekin

Erredakzioa 2023ko mar. 22a, 14:00

Komedialdiaren III. edizioaren aurkezpena, Goiuri Jauregian. / Argazkia: Giuliana Preciado

Maiatzaren 2tik 7ra bitartean, Gasteiz barrez leherraraziko du berriz ere Komedialdia umore jaialdiak, Juan Carlos Ortega, Salva Reina, Belen Nevado, Gorka Aginagalde, Maribel Salas edo Susana Soleto bezalako artisten eskutik.

Aurtengo maiatzaren lehen astean, barreen hiriburu izango da Gasteiz berriz ere; Komedialdia, Gasteizko Umore Jaialdia, itzuliko baita. Hiriko antzokiak, kaleak, tabernak eta tokiko denda txikiak ikuskizun eta komedia jardueren agertoki bihurtuko dira, sei eguneko egitarau zabalarekin.

Asteazken honetan aurkeztu dute jaialdiaren hirugarren edizioa. Iaz 10.000 ikus-entzule baino gehiago izan zituen festibalak, eta aurten are jende gehiagorengana iristea espero dute. Zuzeneko ikuskizunak, bakarrizketak, antzezlanak, kale animazioa (besteak beste, Abastos Plazan eta Alde Zaharrean), erakusketak eta gogoetarako tartea izango dira maiatzaren 2tik 7ra. Ohiko jarduerez gain, Irritxopote bezalako ekimenak izango dira, baita umore grafikoko erakusketak ere.

Egitarau osoa kontsulta daiteke komedialdia.com webgunean, eta sarrerak bertan eskuratu daitezke jada. Programazioa lau ataletan banatzen da: Jardun Aldiak, publikoak ikusten duen emaitzaren atzean dagoen lan guztiaz hitz egiteko, Dendarabako Vital Fundazioa Kulturunean; Umore Guneak, umore ikuskizunen programaziorako guneak; Umore Kalean, publiko guztiarentzako doako eta integratzaile diren kale jarduerak; eta Elkartasun Gunea, ekitaldi solidarioa, Jesus Guridi Gasteizko Goi Mailako Kontserbatorioaren eta Udal Bandaren laguntzarekin.

Ikusten dena... eta han dagoena leloa - Ikusezinaren indarra izango da aurtengo leloa, eta izeberg baten irudiarekin batera, ikusgarritasuna eta garrantzia eman nahi diote edozein obra artistikok aurretik duen lanari, baita komedian ere. "Produktua oso iragankorra da prozesu osoak irauten duenarekin alderatuta, eta, beraz, haren protagonismoa azpimarratzeak merezi du", azaldu du Txaro Mardaratz Najera jaialdiko zuzendariak. "Kontsumo azkarreko garai hauetan, aisiaren kontsumo arduratsuan hezi behar dugu".

Jardunaldiak

Hain zuzen ere, jaialdiaren irekiera Raul Diazen hitzaldi bat izango da. Aída edo 7 vidas bezalako telesailetan, Goya Sarien 32. edizioko gidoilaritzan eta 2020ko Feroz Sarietako zuzendari gisa aritu da Diaz, eta publikoaren errekonozimendu txikiagoa duen jarduera batean izandako esperientziaz hitz egingo du.

Bestalde, ildo beretik, Ikusezina baina ezinbestekoa jardunaldian bi mahai-inguru izango dira. Bietan arrakastarako bide gogorraz eta arteetan ikusezinak diren enpleguez arituko dira, fokuetatik kanpo bere bizitza nolakoa den kontatuko duten artistekin. "Profesional batzuk ikusezinak dira, baina ikusten den emaitzarako ezinbestekoak dira. Sergio Arrospidek jardunaldien zeremonia maisu gisa errepikatuko du, bere umore zorrotz eta gogoetatsuarekin.

Umorea, kalera

Gonbidatutako artisten artean nabarmentzen dira: Juan Carlos Ortega, Las noches de Ortega ikuskizunarekin, Jesus Ibañez de Matauko antzokian; Salva Reina bakarrizketaria, Felix Petite antzokian; antzoki berean, Maribel Salas eta Susana Soleto aktoreak, La maja y la mona (y viceversa) lanarekin.

Gainera, Belen Nevadok Dejarme sola obra estreinatuko du Hegoalde gizarte etxean, eta Carmen San Estebanek De guindas a brevas lana zuzenduko du. Inma Arroyo jaialdiaren ohiko kolaboratzailea ere aurtengo Komedialdian egongo da.

Gorka Aguinagaldek Gasteizko Udal Bandaren kontzertu solidarioa aurkeztuko du, Luis Urduñaren gidaritzapean. Kontzertuak amaiera emango dio aurtengo edizioari, Jesus Guridi Kontserbatorioan, eta itxiera ekitaldian pertsona zaintzaile ez profesionalei omenaldia egingo diete, "familian eta gizartean ezinbesteko euskarri lana" egiteagatik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago