Atxilotua 380 marihuana landare izateagatik

Erredakzioa 2023ko martxoaren 21a

Udaltzaingoa astelehenean sartu zen pabiloi industrialera. / Argazkia: Gasteizko Udala

Udaltzaingoak 30 urteko gizonezko bat atxilotu du osasun publikoaren aurkako delitua egotzita, Gasteizko pabiloi batean ustez 380 marihuana landare eta hiru kilogramo kukulu izateagatik.

Polizia ikerketa baten barruan, astelehen honetako 17:00ak aldera, Zadorra hiribideko pabiloi industrial batean marihuana landatzen ari zela zioen susmoa baieztatu zuen abian jarritako zaintza eta kontrol dispositiboak. Ondorioz, udaltzainek nabe barruan zegoen gizonezkoa atxilotu zuten.

Espazioaren erregistroan 380 marihuana landare atzeman zituzten, baita aurreko uzta batetik jasotako hiru kilogramo kukulu baino gehiago ere. Horrez gain, besteak beste, luminariak, iragazkiak, erauzgailuak eta landaketarako beste tresna batzuk ere topatu zituzten. Hori guztia eta 750 euro inguru konfiskatu zituzten.

Guardiako epaitegian zegozkien eginbideak egin ondoren, atxilotua karguekin aske geratu zen, osasun publikoaren aurkako delitua leporatuta.

Antzeko azken operazioa 2020ko martxoaren hasieran egin zuen Udaltzaingoak, Gamarra industrialdean 750 landare gordetzen zituen beste pabiloi bat desegin zuenean. 51 urteko arduradunari, gainera, elektrizitatearekin lotutako iruzur delitua egotzi zioten.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago