Fernandez de Betoñok jasotako "mehatxuaren" aurrean babesa eskatu du EH Bilduk

Erredakzioa 2023ko mar. 21a, 11:00

Unai Fdz. de Betoño, legebiltzarkidea eta Gasteizko bigarren hautagaia. / Argazkia: EH BILDU

Ivan Pedreira Eusko Jaurlaritzako goi-kargudunaren abokatuak Unai Fernandez de Betoño legebiltzarkidea "mehatxatu" zuela ziurtatu du EH Bilduk, Etika Batzordean irregulartasunak salatzeagatik. "Babesa" eskatu dio Legebiltzarreko Mahaiari.

Unai Fernandez de Betoño EH Bilduko legebiltzarkideak —eta, gaur egun, Gasteizko udal hauteskundeetarako bigarren hautagaiak— kexa bat helarazi zion Etika Publikorako Batzordeari, Ivan Pedreira (PSE) Eusko Jaurlaritzako goi-kargudunaren ustezko "jardunbide desegokiaren" berri emateko. Pedreira Garraio Saileko zuzendaria da gaur egun; Fernandez de Betoñoren salaketaren arabera, kargua hartu aurretik bere enpresa zenean jarduketak egin zituela jakinarazi behar zuen sozialistak.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA) ere Pedreiraren gaineko ebazpen bat argitaratu zuen. Hala ere, Fernandez de Betoñok salatu du prozesu horretan bere anonimotasuna ez zela gorde, eta ebazpena publiko egin aurretik ere Pedreiraren abokatuaren "mehatxu bat" jaso zuela EH Bilduren legebiltzar taldearen kontu ofizialean.

Ustez jasotako "mehatxuaren" aurrean, astearte honetan, Unai Fernandez de Betoñori "babesa" emateko adierazpen bat onar dezala eskatu dio EH Bilduk Legebiltzarreko Mahaiari. Horrez gain, koalizio subiranistak Etika Batzordeari eskatu dio "berarengana jotzen duten pertsona guztien eskubideak" berma ditzala.

"Etika Batzordeko kideek sekretupean gorde behar dute beren eginkizunak betetzean jakin duten informazio guztia, salatzaileen identitatea barne. Izan ere, salatzaileen anonimatua bermatzea bete beharreko funtsezko elementua da praktika desegokien aurkako borrokan", azpimarratu du EH Bilduk.

Adierazpenari uko

Azkenean, EAJk eta PSEk uko egin diote legebiltzarkide gasteiztarrari babesa adierazteari. "Unai Fernandez de Betoño babestu ordez, Etika Batzordearen irregulartasunak babestea lehenetsi du Legebiltzarreko Mahaiak", deitoratu du talde subiranistak, hartutako erabakia "larria, ulertezina eta sektarioa" dela salatuz. Izan ere, alderdi gobernukideek argudiatu dute Fernandez de Betoñok "ez zuela legebiltzarkide bezala jo" Etika Batzordearengana.

"Legebiltzarkide guztien eskubideak defendatzeko ardura duen organoa izanik, Mahaiak jarrera guztiz sektarioa erakutsi du, EH Bilduren ordezkaria babesgabe utzita", ohartarazi dute. "Nor ausartuko da jardunbide irregularrak salatzera, jakinda hori bere kontra itzul daitekeela eta, kasu horretan, inork ez duela defendatuko?".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago