Martxan da In Situ arte jaialdiaren hirugarren ediziorako deialdia

Erredakzioa 2023ko mar. 21a, 09:00
Ferreiro aizto denda izango da hamar erakusleihoetako bat. / Argazkia: InSitu

Tokiko saltokiak eta artista gazte berriak batuz, ekainaren 2tik 30era Gasteizko erakusleihoak arte galeria bihurtuko ditu berriz ere In Situ jaialdiak. Euskal Herri osoko hamar artista hautatzeko deialdia ireki dute apirilaren 23ra arte.

Bere hirugarren edizioa ospatuko du aurten In Situ arte jaialdiak, beste behin ere Gasteizko hamar dendaren erakusleihoak "arte galeria txiki" bihurtzeko asmoz. Argazkigintzaren munduan zein proiektu artistikoen kudeaketa eta komisariotzan diharduten Sara Berasaluce eta Yone Estivariz gasteiztarrek sortu, zuzendu eta gorpuztu dute egitasmoa, 2020tik gaur egun arte.

Helburu nagusiari eutsiko diote: "Artista gazteen ikusgarritasuna sustatzea eta erakusketa formatua testuinguru berri batera eramatea, betiere jarduera artistikoa eta tokiko merkataritza lotuz, herritarren arreta modu berritzaile batean erakarriz, eta kulturaren balioa eta hezkuntza bisuala indartuz".

Hori bai, ekainean zehar garatuko den edizioak hainbat berrikuntza izango ditu. Lehenengoa, Habemus Estudioak diseinatutako ildo grafikoa, mudantzaren kontzeptuaren inguruan jorratutako ikonografia berrian oinarrituz. "Zenbatu al duzu inoiz zenbat etxe-aldaketa egin dituzun? Aldaketa zein eraberritze mugimendu horiek lan konplexua eta estresagarriak izan daitezke, baina, sarritan, hazteko eta garatzeko beharrezkoak izaten dira", azaldu dute antolatzaileek.

Era berean, In Situ Art Festival jaialdia urtero birsortzen da, edizio bakoitzean tokiko saltoki berriak eta artista berriak elkartzeko, bai eta erakusleihoetan arte erakusketa "errepikaezinak" sortzeko. Ildo horretan, artistak bilatzeko aurtengo deialdia Euskal Herri osora zabaldu dute, eta martxoaren 20tik apirilaren 23ra arte aurkeztu ahal izango dira proiektuak.

Ondoren, ekainaren 2tik 30era bitartean, erakusleihoak arte galeria bihurtuko dira, eta bisita gidatuak eskainiko dituzte interesa duen herritar orok saltokietako esku-hartze artistikoak ezagutu eta gozatzeko aukera izan dezan.

Halaber, egitarauaren barruan, Introspectivas topaketak eta lantegiak antolatuko dituzte Arabako herrietan. Apiriletik ekainera eta azarotik abendura, askotariko arlo artistikoko emakume artisten eskutik, hitzaldiak eta tailerrak izango dira.

Hamar erakusleiho

"Erakusketarako gune alternatibo bat" eskaintzeko asmoz, Vital Fundazioaren eta Aldundiko Turismo Sailaren laguntzarekin, hilabetez artista banaren artelanarekin elkarbizitzeko erakusleiho izango diren tokiko hamar saltokiren izenak ezagutarazi dituzte jada:

  • Sombreros Albero (kapelak): Posta kalea, 25
  • Haritz Otxoa (gizonen arropa): Foru kalea, 9
  • Ibarrondo (lurrindegia): Independentzia kalea, 18
  • Arco (inprimategia eta erreprografia): San Antonio kalea, 26
  • Lizarduy (optika): San Prudenzio kalea, 1
  • Ferreiro (aizto denda): Lehendakari Aguirre kalea, 9
  • Marmitas (sukaldeko tresnak): General Alava kalea, 1
  • La Brasileña (kafe-denda): Posta kalea, 2
  • Contra la pared (denda artistikoa): Ramon Ortiz de Zarate kalea, 11
  • Érase una vez (jostailu denda): Florida kalea, 2

Hamar erakusketa

Deialdia irekia da eta 18 eta 35 urte bitarteko pertsonei zuzenduta dago. Guztira, hamar proiektu aukeratuko dira, eta horietako bakoitza tokiko hamar saltokietako batean jarriko da ikusgai. Hautatutako artista bakoitzak 100 euroko diru-laguntza jasoko du proiektuaren ekoizpen, garapen eta gauzatze gastuetarako ordainsari gisa; eta horietako hiruk 600, 450 eta 300 euroko sariak jasoko dituzte, lehen, bigarren eta hirugarren sari gisa.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide