Astelehen goizaldean, Udaltzaingoak 39 urteko gizonezko bat atxilotu du bere bikotekide ohiari egindako erasoa eta zigor-haustea egotzita. Ustez, emakumearen etxera sartu da, Zaramaga auzoan, urruntze-agindua zuen arren. Biktimak azaldutakoa eta bere lesioak ikusita, udaltzainek erasotzailea atxilotu dute, eta egunean zehar eramango dute epailearen aurrera.
Bestalde, 42 urteko beste gizonezko bat atxilotu zuten igandean, San Martin auzoko kale batean bikotekideari egindako eraso delitua egotzita. Jasotako lekukotzen arabera, bikoteak eztabaida handia izan zuen autoan zihoala; Pedro Asua kalean gelditzean, eztabaidak bide publikoan jarraitu zuen, eta gizonezkoak emakumeari eraso egin zion. Atxilotua gaur utziko dute epailearen esku.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.