Aintzira Salburua ikastetxeko ikasleen guraso elkarteak eta Mendibea Zabalgana BHIko ikasleen guraso elkarteak parte hartu dute Eragiteko janzten jardunaldien III. edizioko hirugarren saioan, GEU Elkarteak dinamizatuta.
Auzoetako euskaltzaleak, sarri, ikastetxeetako guraso elkarteetan ezagutzen dute elkar, eta bertatik eragin nahi izaten dute auzo euskaldunagoak lortu ahal izateko. Zer nolako taldeak topatzen dituzte? Zeintzuk izaten dira ekimenak? Nola antolatzen dira? Bestalde, auzoan izaten dira antzeko helburuen inguruan ari diren bestelako elkarte, talde edo erakundeak. Zer harreman izaten dute haien artean? Sortzen al dira lankidetzarako aukerak? Zer ematen die elkarlanean jarduteak?
Saio honetan Gasteizen aurrera eramandako esperientzia eredugarriak ezagutu ditugu. Datozen egunetan gaurko saioaren bideoa ikusgai izango da ALEAren webgunean, eta saioak guztiak bideoan ikusteko aukera izango da, saio bakoitzetik egun batzuen burura.
Eragiteko janzten jardunaldiak
Martxan da Eragiteko janzten, Arabagara, GEU elkartea, Lazarraga, ALEA eta Euskaltzaleen Topagunearen ekimenez. 2021ean jarri zuten hazia, eta, 2022an eragiten jarraitzeko asmoa berretsi ostean, aurten ere itzuli egin dira jardunaldiak. Gasteizko euskaltzaleen gogoetarako gune eta une bat da, esperientziak partekatu eta aberasten jarraitzeko.
Hirugarren edizioa, lau hilabetez luzatu beharrean, otsailean eta martxoan izango da, hil bakoitzaren 14an eta 28an; lau saioak asteartetan izango dira, 18:30ean. Eta Oihaneder Euskararen Etxerik edota Gasteiz Antzokirik ez dagoenez, Montehermoso Kulturunean egingo dira.
Saioen zein izen-ematearen inguruko xehetasun guztiak Euskaltzaleen Topagunearen webgunearen atal berezian aurki daitezke.