Ikasleak hezkuntza euskaldun baten alde mobilizatuko dira martxoaren 23an

Erredakzioa 2023ko mar. 15a, 12:00

Gazte Euskaltzaleen Sarearen agerraldia, Auzolana Pilotalekuan. / ALEA

Hezkuntza euskaraz izan behar da lelopean, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan mobilizazioak egingo dituzte martxoaren 23an, ostegunean. Gasteizko manifestazioa 12:00etatik abiatuko da Elurretatik.

Gazte Euskaltzaleen Sareak eta unibertsitateko euskara taldeak deituta, Gasteizko ikasleek ere bat egingo dute martxoaren 23rako Bilbon, Donostian eta Iruñean hezkuntza euskaldun baten alde deitutako mobilizazioekin. Arabako hiriburuko manifestazioaren kasuan, 12:00etan hasiko da EHUko Campuseko Elurretatik.

"Hezkuntza euskaldun baten eskubidea" aldarrikatu dute Gazte Euskaltzaleen Sarean antolatutako Gasteizko hainbat eragile eta norbanakok, hiriko Auzolana Pilotalekuan egindako agerraldi batean. Egoerari "buelta emateko", hezkuntza eremua "aktibatu eta saretzeko" beharra azpimarratu dute.

Hezkuntza %100ean euskaraz

"Ikasketak aurrera eramateko orduan, Euskal Herriko ikasleek trabaz beteriko bide batekin egiten dute topo. Gasteizen euskaldun bezala bigarren mailako herritarrak bagara, hori areagotu egiten da gazte eta ikasle izateagatik. Ikasketak osotasunean euskaraz egitea ezinezkoa dela esan daiteke, eskubide urraketa nabariak pairatzen ditugulako", salatu dute.

"Euskaraz ikasten dugula esaten den arren, hezkuntza prozesua ezin dugu sekula %100ean euskaraz gauzatu: irakasle euskaldunen falta, euskarazko zerbitzu eza, euskaratu gabeko material didaktikoaren etengabeko erabilera, euskarazko ikasketen eskaintza eza... urtez urte pairatzen ditugun eskubide urraketak dira", ohartarazi dute.

"Hezkuntza eredu honek ez du funtzionatzen: agerikoa den euskararen jakintza eta erabileraren arteko desoreka areagotzen du, eta ez du gure belaunaldia euskalduntzeko gaitasunik", deitoratu dute. "Ez gaude heziketa prozesuan ezinbestekoa den arlo honetan besoak gurutzatuta gelditzeko prest".

Horren aurrean, hezkuntza euskaldun bat bermatzeko lau eskakizun nagusi plazaratuko dituzte, eta "hezkuntza euskaldun baten eskubidearekin" bat egiten duten eragile zein hezkuntza komunitateko kide guztiei mobilizazioetara batzeko dei egin diete.

  • Irakasle eta langile euskaldunen kontratazioa %100ean bermatuko duen hezkuntza prozesua.
  • Erabiltzen diren eduki guztiak euskaratuta egotea.
  • Hezkuntza eremu euskaldundu bat: "Paisaia linguistiko euskaldun osoa ahalbidetuko duena: eremu fisikoan, zerbitzu zein langileei dagokienez, eta eremu digital zein didaktikoan".
  • Euskal Herrira egokitutako hezkuntza eredua eskaintzea: "Ez da bakarrik euskaraz egotea. Euskal errealitateari egokitutako hezkuntza prozesu bat behar dugu ikasleok", azpimarratu dute.

KARTELA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago