Euskal kulturaren zaleok hitzordu paregabea dute gaur Aldabe gizarte etxean, Anari Alberdi Santestebanen (Azkoitia, 1970) bisitarekin. Izan ere, musikari eta abeslariak idatzizko literaturara jauzi egin du Gari eta goroldiozko (Susa, 2022) eleberriarekin, eta Arabako hiriburuan aurkeztuko du, Gasteizko Udal Liburutegien Sarearen Idazleekin solasean programaren barruan.
Aurkezpena 19:00etan izango da, Aldabe gizarte etxeko liburutegian. Sarrera librea izango da edukiera bete arte. Programako beste saioetan bezala, Patxi Zubizarreta idazlea arituko da koordinazio lanetan.
Anariren disko bakoitzaren atzean, ezinbesteko bidaidea izan da beti literatura. Eta, abeslari gisa, Ruper Ordorika, Petti, Lou Reed edo Mikel Laboa bezalako inspirazio iturriak izan ditu. Hitza... eta isiltasuna ere. Azkoitiarraren liburua lehen pertsonan dago kontatuta, eta 50 urte inguruko emakume bat da protagonista. Anarik dioenez, "abestietarako balio ez dion zerbait" idatzi du.
"Orain dela hamar urte edo, testu bat idazten hasi nintzen, oso gazte hil zen nire aita baino zaharragoa nintzela konturatu bainintzen. Orain, zaharragoa naiz, eta hor ikusten dut denboraren jolasa. Bizitzan gertatzen diren oso gauza ohikoak dira, baina halako toles bat egiten dit denborak momentu horretan, eta jartzen nau nonbaitera begira", azaldu zuen Maxixatzen tokiko hedabidean azaroan, bere herrian egindako aurkezpenaren harira.