Protesta kalera eraman dute hockey jokalariek

Erredakzioa 2023ko martxoaren 13a

"Pista berri bat" eskatu dute hockey jokalariek. / SOS Hockey Linea

Olaranbeko pista berritu, eta beste bat egiteko eskatu dute jokalariek.

SOS Hockey plataformak deituta, dozenaka lagun elkartu dira igande eguerdian Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan. Linea hockeyan jokatzeko instalazio egokiak eskatu dituzte protestan, kirol honetan parte hartzen duten guztientzako moduko pistak; 300 bat lagun ari dira gaur egun. Hockey ekipamendua soinean, elkarretaratze ikusgarria egin dute plazan.

Olaranbeko pistan jokatzen dute, baina "eskas" geratu da, plataformako kideek azaldu duten moduan. Pista horrek dituen gabeziak konpondu eta egokitu, eta beste bat ere egiteko eskatu diote Gasteizko Udalari. Esan dutenez, 40 lagun ere aritu izan dira batera entrenatzen, eta txiki geratzen da instalazioa. Hori, gainera, jende berria erakartzeko oztopoa dela nabarmendu dute. Une honetan, besteak beste, Dinosdevi, Sumendi, Muskerrak, Street Hockey eta Dragons taldeak ari dira bertan.

Sare sozialetan protesta zabaldu ostean, Gasteizko Udalak aferari konponbide bat emango diola erantzun du, baina "zain" jarraitzen dutela esan dute kirolariek. Erantzun bat adosteko asmoz, hilaren 20an izango dute bilera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago