Konturatu orduko, igande honetan urtebeteko ibilbidea egina izango du Suarte Kolektiboak. Komunitatean oinarritutako ekimena da, eta azoken bidez artisau lanari ikusgarritasuna ematea du xede. 2022an, Judimendi auzo gasteiztarreko Sumendi espazio autogestionatuaren babespean, eman zituen bere lehen urratsak; eta, gaur egun, auzoko zein haratagoko 50 bat sortzaile biltzen ditu kolektiboak.
Urtebete honetan egindako ibilbideari eta lanari balioa emateko eta, jakina, ospatzeko, egun berezia antolatu dute igande honetan, martxoaren 12an, 11:00etatik 19:00etara bitartean Sumendi espazioan. Zortzi orduz zabalik izango da artisten azoka.
"Komunitatea, sormena, elkar zaintza eta kontsumo arduratsu eta jasangarria bezalako baloreak ardatz, azken urtean sortzaile eta artista multzoa saretu da su honen bueltan; eta esker ona azaltzeko, proiektu honen parte izan diren hainbat artisau izango dira bertan", azaldu dute. "Azokan parte hartuko duten artistak eta haien lanez gozatzeaz gain, egun aproposa izango da proiektuaren atzean dagoen taldea ezagutzeko ere. Hurbil zaitez ezagutzera. Bertan izango gara zure zain".