Aurten hamar urte beteko dituen Errekaleor Bizirik proiektuak elkartasuna du oinarri "babes berezia duten bizilagunei" dagokienez. Izan ere, denak ez dira baldintza berdinekin iristen auzora: "Besteak beste, migrazio prozesuak, Atzerritartasun Legearen aplikazioa, egoera sozioekonomiko larriak eta egiturazko zapalkuntzak jasaten dituzten hainbat kide daude", azaldu dute.
Hain zuzen ere, kide horien bidelagun izateko Harrera Lantaldea sortu zuten duela hainbat urte: "Baldintza materialei kolektiboki aurre egiteko mekanismoak eraikitzen jarraituko dugu, bizitza komunitarioa eta komunitate politikoaren bitartez etxebizitza eskubidea pixkanaka gorpuzten". Eta oraingoan, negua pasatzeko egurra lortzeko aktibatu dute elkartasun sarea, "beroa emateko modu asko daudelako".
Martxoaren 18an, hurrengo larunbatean, ospatuko dute Egur Fest jaialdia, Enbor bereko ezpalak gara! lelopean eta egun osoko egitarauarekin.
11:00etan ekingo diote programari, Aljeria eta Afganistango platerak kozinatzen ikasteko sukaldaritza tailer batekin; egurfest@protonmail.com helbide elektronikoaren bidez izena ematea beharrezkoa da. Ondoren, 13:30ak aldera, Etxebizitzaren gatazka Gasteizko Alde Zaharrean hitzaldia eskainiko du Auzoan Bizi sareak. 15:00etan bazkaria egingo dute, saskien zozketa batekin batera; tiketak salgai daude Txapelarri, Parral eta Hala Bedi tabernetan.
Arratsaldean, berriz, aisialdia eta kultura izango dira nagusi: 17:00etatik aurrera, patinetan jolasak izango dira, haur zein helduentzat; eskaintza musikalari dagokionez, berriz, Zaunka, Alarma Morea, Noname Tiriti eta AFU arituko dira arratsalde osoan zehar, 01:00etatik aurrera DJ Voldemorti lekukoa laga aurretik.
EGITARAUA