Mugimendu Sozialistak "sistema kapitalista gainditzea" aldarrikatu du Martxoaren 8an

Erredakzioa 2023ko mar. 8a, 22:30

Emakume Langilearen Nazioarteko Egunean, manifestazio propioa antolatu du Itaia emakumeen antolakunde sozialistak Gasteizen. Ikasle Abertzaleak-ek eta GUETek ere hitzaldiak eta mobilizazioak antolatu dituzte ikastetxeetan eta unibertsitatean.

Emakume langileok askatzeko, sozialismoa eraiki! lelopean, Itaiak mobilizazio propioa antolatu du Gasteizen Martxoaren 8an, Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren harira. Mugimendu Feministaren deialdi nagusietatik aldendu eta 18:30ean Andre Maria Zuriaren plazatik abiatu da Mugimendu Sozialistaren parte den emakumeen antolakundeak.

"Emakume langileon zapalkuntza gainditzea ezinbesteko lana zaigu, baita hori sostengatzen duen sistema kapitalistaren aurka egitea ere", azpimarratu du Itaiak, "emakume langileok zapalkuntza egoeratik askatuko gaituen Estatu Sozialistaren eraikuntza" aldarrikatuz.

"Krisi testuinguruan emakume langileon bizi baldintzek okerrera egin dute, eta proletarizazio prozesu honek emakume langileon aurkako zapalkuntza indartzen du arlo ekonomiko eta kulturalean", dio Itaia Martxoaren 8ari begira zabaldutako irakurketak. "Alderdi politiko instituzionalek politika feministak sustatu arren, ez dute berdintasun errealik ezartzeko interesik. Oligarkia burgesaren erreminta diren heinean, zapalkuntza bera betikotzen duen logika kapitalista indartu besterik ez dute egiten".

Horren aurrean, "alderdi instituzionaletatik at egongo den eta independentzia politikoz jardungo duen antolakuntza politikoa gorpuztera" deitu dute.

Ikastetxeak eta unibertsitatea

Bestalde, GUET Gasteizko Unibertsitateko Emakume Taldeak mobilizazioa antolatu du 11:00etan Elurretan. Horrez gain, Ikasle Abertzaleak ikasle antolakunde sozialistak ekimen ugari antolatu ditu Arabako hiriburuko ikastetxeetan:

  • Ekialde (Batxilergoa): hitzaldia 3. orduan, aretoan; elkarretaratzea lehenengo patioan, sarreran.
  • Los Herran: elkarretaratzea, 11:15ean sarreran; hitzaldia, 11:30ean aretoan.
  • Ikasbidea: hitzaldia DBHko 5. orduan, aretoan; elkarretaratzea patioaren orduan, patioan. Gainera, martxoaren 7an, hitzaldia Batxilergoko 3. orduan, aretoan.
  • Koldo Mitxelena: hitzaldia Batxilergoko 3. orduan; hitzaldia DBHko 3. orduan; elkarretaratzeak Batxilergoko eta DBHko lehenengo patioan, sarreran.
  • Federico Baraibar: elkarretaratzea 10:45ean, Ekialden; hitzaldia 11:00etan Magisteritza Fakultatean.
  • Unamuno eta Jesus Obrero: elkarretaratzea, 11:00etan sarreran; hitzaldia, 11:30ean Aldabe gizarte etxean.
  • Mendebaldea, Armentia, Zabalgana, Lakua eta Ciudad Jardin: hitzaldia, 11:30ean Aldabe gizarte etxean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide