Taxia eskatzeko app berri bat aurkeztu dute

Erredakzioa 2023ko mar. 8a, 13:03

Gasteizen hasiko da, baina beste udalerri batzuetara ere zabaldu nahi dute eskaintza. /H. Bedi

Martxoaren 14an hasiko da Gasteizen; besteak beste, auto mota aukeratu edo aurrez ibilbidearen kostua aurrez ikusi ahal izango da.

Mugikorretarako aplikazio berri bati esker, Gasteizen taxiak eskatzeko aukera egongo da. Radio Taxi Gasteizek eta bertako Taxicoin enpresak elkarlanean prestatutako app-arekin, taxi-zerbitzua erraz eskatu, ibilaldiaren kostua aurrez ikusi eta ibilbidea geolokalizazio bidez markatu ahal izango da.

APP TaxiCoin aplikazioa dagoeneko deskargatu daiteke, eta martxoaren 14an hasiko da Arabako hiriburuan zerbitzua eskaintzen. Etorkizunera begira, helburua da beste udalerri batzuetan ere martxan jartzea. "Gasteizen, modernizatzeko eta zerbitzu publiko hobea eskaintzeko lan egiten duten taxi-gidarien kolektiboa dugu. Baliabide berri honek agerian uzten du lehiakorrak izaten eta gasteiztarren bizitza errazteko urrats berriak ematen jarraitu nahi dutela”, azaldu du Raimundo Ruiz de Escuderok, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotziak.

Tresna berriaren bidez, erabiltzaileek auto mota aukeratu ahal izango (plaza kopurua, elektrikoa, mugikortasun mugatuko pertsonetara egokitutakoa). Ordaintzeko hiru metodo: eskudirutan, app bidez txartelarekin edo kriptotxanpona. Erabiltzaileak ezagutzen duen taxi-profesional bat bila etortzea eskatu dezake (Radiotaxik beste bat eslei diezazukeen arren), eta zerbitzuaren ondoren erabiltzailea eta taxi-gidaria baloratu daitezke.

Taxi-gidariak bere profila pertsonaliza dezake honako hauek erakusteko: hizkuntzak, esperientzia, maskotak onartzen dituen edo beste abantaila batzuk. "Taxicoin aplikazioaren helburua da Gasteiz hirian taxia eskatzeko modu berri bat eskaintzea. Batez ere gazteenek eskatzen duten zerbait da eta, gainera, ibilaldiaren prezioa ezagutzeko aukera izango dugu jatorriko eta helmugako datuak sartzen baditugu", adierazi du  TaxiCoineko Alain Mateok.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago