Munduko emakumeen inguruko erakusketa Angel Ganivet ikastetxean

Erredakzioa 2023ko mar. 8a, 10:00

Martxoaren 8aren harira, Karmen Uribesalgo "eskolako amama" eta margolariaren erakusketa aurkeztu du Angel Ganivet ikastetxeko hezkuntza komunitateak. 40 emakume baino gehiagoren erretratuak biltzen ditu obrak.

Iritsi da Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta Angel Ganivet Herri Ikastetxeak, Izartegia Guraso Elkartearekin batera, Munduko emakumeak izeneko erakusketa aurkeztu du, Karmen Uribesalgo margolari eta "eskolako amamaren" eskutik.

Artista gasteiztarrak askotariko teknikak baliatu ditu azken urteetan zehar, adin, jatorri eta kultura ezberdinetako emakumeen 40 erretratu baino gehiago egiteko: olioa, ikatza, akuarela, akrilikoa, pastela... Horien artean, Etiopiako emakume eta nesken serie bat nabarmendu du Uribesalgok; Afrikako herrialde horretara egindako bidai baten ostean ateratako argazkien erretratuak dira.

Uribesalgoren zaletasuna, ordea, ez da betiko kontua izan: "Margolari berantiarra naiz. Duela 12 urte hasi nintzen marrazten eta margotzen, ia amama nintzela. Asko gustatzen zait erretratuak egitea, batez ere emakumeenak", azaldu du. "Nire lehen erretratuak Etiopiara egindako udako bidaia batean egin nituen argazkienak izan ziren. Munduaren alde horretan, errealitatea oso desberdina da. Bizitza askoz zailagoa da bertan, batez ere emakumeentzat; erakusketan maitasun bereziz islatu ditut".

"Nire begirune eta mirespen guztia egunez egun beren duintasunaren alde borrokatzen duten munduko emakume ausart guztiei", aldarrikatu du Uribesalgok.

Eskolako ikasle guztiek erakusketa ikusteko eta haren inguruan gaia lantzeko aukera izango dute orain. Familia eta kanpoko publikoarentzako ere ikusgai egongo da ostiralera arte, martxoaren 10era arte, arratsaldero, 16:30etik 17:30era, Lehen Hezkuntzako sarrera nagusian eta gimnasio txikiko agertokian.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide